X-eleccionesmunicipalesforales-X -

M-22ko hauteskundeak

Itun posibleak aztertzeko garaia iritsi zaie alderdiei

Itunak inoiz baino irekiago daude Bilduren emaitzek markatutako hauteskundeotan. Izan ere, Bildu EAEko bigarren indarra izateak erakunde asko baldintzatuko ditu.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAEko alderdi nagusien zuzendaritzek bilerak egingo dituzte gaur atzoko udal eta foru hauteskundeen emaitzak aztertzeko eta udaletan eta Aldundietan irekitzen diren itun posibleak eztabaidatzeko. Izan ere, Bildu koalizioaren parte hartzeak eta jaso duen babes zabalak erakundeetako itunak baldintzatuko ditu halabeharrez.

Horrela, alderdi politiko guztiekin bilerak egingo dituela iragarri du Bildu koalizioak, Gipuzkoako Batzar Nagusietan eta Donostiako Udalean gobernuak osatu ahal izateko.

Bildu koalizioak lortu dituen emaitza "izugarriek" ezker abertzalearen "apustu politikoari" babesa eta "zilegitasuna" eman diotela nabarmendu dute gaur Txelui Moreno eta Marian Beitialarrangoitia ezker abertzaleko ordezkariek.

Bestalde, Antonio Basagoiti&' || 'nbsp; PPko Euskadiko presidenteak adierazi duenez, "oraindik terroretik bereizi ez direnek" ez agintzeko ahalegina egingo du. Gainera, Bildurekin ez beste gainerako alderdi guztiekin akordioak lortzeko prest agertu da. EAJri eta PSEri, baina, ez kexatzeko eskatu die, "munstroa eurek sortu baitute".

Era berean, gaur arratsaldean EAJren eta PSEren zuzendaritzek bilerak egin dituzte Bilbon, EArenak Gasteizen eta Aralarrenak Donostian.

Bestalde, Patxi Lopez lehendakariak agerraldia egingo du astearte honetan hauteskundeetako emaitzak aztertzeko. Lopezek prentsaurrekoa emango du 17:00etan, Bilboko PSEren egoitzan.

Ezker Batuaren zuzendaritzak atzo egin zuen bilera. Horren ondoren, Mikel Arana koordinatzaile nagusiak prentsaurrekoa eman zuen eta lortutako emaitza "txarren" ondoren alderdia birsortu egin behar dela esan zuen. Alderdiko iturriek jakitera eman dutenez, datorren asteazkena arte ez dute beste bilerarik egiteko asmorik.

Atzoko emaitzak

Bildu izan zen maiatzaren 22ko hauteskundeetako protagonista nagusia. Eusko Alkartasunak, Alternatibak eta ezker abertzaleko independenteek osatzen duten koalizioak Gipuzkoako Aldundia eta Donostiako alkatetza lortu ditu eta Bizkaian eta Araban ere emaitza onak izan ditu.

EAJ erraz gailendu da Bizkaian eta Bilbon (Iñaki Azkunak gehiengo absolutua izango du); Araban eta Gasteizen, berriz, Alderdi Popularra izan da nagusi.

Gauzak horrela, Bilduk estrainaldi indartsua izan du EAEn: boto kopurua kontuan hartuta, bigarren indar politikoa da (276.134 boto), EAJren atzetik (325.968 boto). Zinegotzi kopurua aintzat hartuta, berriz, Bilduk 953 hautetsi izango ditu eta EAJk 872.

Emaitza paregabeak Gipuzkoan

Gipuzkoako Batzar Nagusietan ere, koalizioak emaitza onak lortu ditu. Orotara 22 batzarkide izango ditu Bilduk, botoen % 34,65 lortuta (119.084). Hala ere, beste alderdiren baten babesa beharko du Gipuzkoan gobernatu ahal izateko. Bilduren atzetik, EAJk botoen % 23,52 lortu ditu. 14 eserleku eskuratu dituzte jeltzaleek.

Bestalde, PSEk 10 ordezkari lortu ditu Gipuzkoan (% 17,15). Popularrek laugarren tokia lortu dute (% 9,94). Lau ordezkari izango dituzte Batzar Nagusietan. Aralarrek (% 5.01) ordezkari bakarra eskuratu du.

Donostian ere emaitza paregabeak izan ditu koalizioak. Zortzi ordezkari lortu dituzte, sozialistek baino bat gehiago. Azken 20 urteetan Odon Elorza (PSE) izan da Donostiako alkatea. PPk eta EAJk seina ordezkari lortu dituzte.

EAJ, irabazle Bizkaian

Bizkaiko Batzar Nagusiek eta Bilboko Udalak EAJren esku jarraituko dute. Jeltzaleak bozkatuenak izan dira lurraldean (botoen % 36,84), eta gobernatu egingo dute 22 batzarkiderekin. Bilduk bigarren lekua kendu die sozialistei, 12 batzarkide eskuratu baititu. PSE-EEk 9 batzarkide lortu ditu (botoen % 16,98) eta PPk 8 (% 14,09).

Bilboko Udalean, Iñaki Azkunak (EAJ) gehiengo osoa lortu du, 15 zinegotzirekin. Bigarren indarra PP izan da (sei zinegotzi), eta hirugarren Bildu (4). PSE bigarrena izatetik laugarrena izatera pasatu da (4 eserleku ditu).

Araba, PPren esku berriz

PPk handitu egin du Araban zuen indarra, 16 batzarkide lortu baititu. Ondoren honakoak daude: EAJ (14), Bildu (11), PSE (8) eta Ezker Batua (2). Aralarrek galdu egin du zuen batzarkidea.

Gasteizen, PP bozkatuena izan da (% 29,19), eta 9 zinegotzi lortu ditu. Ondoren EAJ (botoen % 19,11; 6 zinegotzi), PSE (% 18,73; 6 eserleku) eta Bildu (% 17,78; 6 zinegotzi) daude.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea