X-eleccionesmunicipalesforales-X -
M-22ko hauteskundeak
Bildu bigarren indarra da EAEn, EAJren atzetik
- Bildu jaun eta jabe da Gipuzkoan.
- EAJk emaitza oso onak izan ditu berriro ere Bizkaian.
- PPk Araba berreskuratu du.
- PSEk kolpe gogorra jaso du eta Donostia eta Gasteiz galdu ditu.
Erredakzioa
Bildu izan da maiatzaren 22ko hauteskundeetako protagonista nagusia. Eusko Alkartasunak, Alternatibak eta ezker abertzaleko independenteek osatzen duten koalzioak Gipuzkoako Diputazioa eta Donostiako alkatetza lortu ditu eta Bizkaian eta Araban ere emaitza onak izan ditu.
EAJ erraz gailendu da Bizkaian eta Bilbon (Iñaki Azkunak gehiengo absolutua izango du); Araban eta Gasteizen, berriz, Alderdi Popularra izan da nagusi.
Gauzak horrela, Bilduk estrainaldi indartsua izan du EAEn: boto kopurua kontuan hartuta, bigarren indar politikoa da (276.134 boto), EAJren atzetik (325.968 boto). Zinegotzi kopurua aintzat hartuta, berriz, Bilduk 953 hautetsi izango ditu eta EAJk 872.
Emaitza paregabeak Gipuzkoan
Gipuzkoako Batzar Nagusietan ere, koalizioak emaitza onak lortu ditu. Orotara 22 batzarkide izango ditu Bilduk, botoen % 34,65 lortuta (119.084). Hala ere, beste alderdiren baten babesa beharko du Gipuzkoan gobernatu ahal izateko. Bilduren atzetik, EAJk botoen % 23,52 lortu ditu. 14 eserleku eskuratu dituzte jeltzaleek.
Bestalde, PSEk 10 ordezkari lortu ditu Gipuzkoan (% 17,15). Popularrek laugarren tokia lortu dute (% 9,94). Lau ordezkari izango dituzte Batzar Nagusietan. Aralarrek (% 5.01) ordezkari bakarra eskuratu du.
Donostian ere emaitza paregabeak izan ditu koalizioak. Zortzi ordezkari lortu dituzte, sozialistek baino bat gehiago. Azken 20 urteetan Odon Elorza (PSE) izan da Donostiako alkatea. PPk eta EAJk seina ordezkari lortu dituzte.
EAJ, irabazle Bizkaian
Bizkaiko Batzar Nagusiek eta Bilboko Udalak EAJren esku jarraituko dute. Jeltzaleak bozkatuenak izan dira lurraldean (botoen % 36,84), eta gobernatu egingo dute 22 batzarkiderekin. Bilduk bigarren lekua kendu die sozialistei, 12 batzarkide eskuratu baititu. PSE-EEk 9 batzarkide lortu ditu (botoen % 16,98) eta PPk 8 (% 14,09).
Bilboko Udalean, Iñaki Azkunak (EAJ) gehiengo osoa lortu du, 15 zinegotzirekin. Bigarren indarra PP izan da (sei zinegotzi), eta hirugarren Bildu (4). PSE bigarrena izatetik laugarrena izatera pasatu da (4 eserleku ditu).
Araba, PPren esku berriz
PPk handitu egin du Araban zuen indarra, 16 batzarkide lortu baititu. Ondoren honakoak daude: EAJ (14), Bildu (11), PSE (8) eta Ezker Batua (2). Aralarrek galdu egin du zuen batzarkidea.
Gasteizen, PP bozkatuena izan da (% 29,19), eta 9 zinegotzi lortu ditu. Ondoren EAJ (botoen % 19,11; 6 zinegotzi), PSE (% 18,73; 6 eserleku) eta Bildu (% 17,78; 6 zinegotzi) daude.