X-eleccionesmunicipalesforales-X -
M-22ko hauteskundeak
PPk irabazi ditu hauteskundeak Gasteizen
PPk 2007an lortutako zinegotzi kopuru bera lortu du: 9. EAJk, PSEk eta Bilduk 6na lortu dituzte. Ondorioz, baliteke PPk Gasteizko alkatetza lortzea.
Erredakzioa
PPk irabazi ditu hauteskundeak Gasteizen, bederatzi zinegotzi lortuta. EAJk, PSEk (gobernuan egon da azken legealdian) eta Bilduk 6na zinegotzi eskuratu dituzte.
EB eta Aralar koalizioan aurkeztu ziren 2007an, eta 2 zinegotzi lortu zituzten, baina oraingoan ez dute bat ere lortu.
PP izan da Gasteizko Udalerako boto gehien (% 29,19) lortu dituen alderdia. EAJk, bere aldetik, botoen % 19,11 jaso ditu.
PSEk botoen % 19,99 lortu ditu, eta Bilduk, aldiz, botoen 17,78.
Ondorioz, baliteke PPk Gasteizko alkatetza lortzea, orain arte Patxi Lazcoz sozialistaren eskuetan izan den alkatetza, hain zuzen.
PSE 9 zinegotzitik 6ra igaro da; EAJk eta Bilduk lortu dituzten zinegotzi kopuru bera izango du, beraz. Ezker Batua eta Aralar koalizioan aurkeztu ziren 2007ko hauteskundeetan, eta bi zinegotzi lortu zituzten orduan. Orain, bakoitza bere aldetik aurkeztuta, ez dute ordezkaritzarik lortu.
1999 eta 2007 urteen artean, Alfonso Alonsoren eskuetan Gasteizko alkatetza izan ostean, PPk garaipena lortu du oraingoan. Bildu, berriz, indarrez sartu da.
EAk zinegotzi bakarra izan du aurreko legealdian Gasteizen, eta Alternatiba eta abertzale independenteekin koalizioan aurkeztuta, sei zinegotzi lortu ditu orain.
PSEk 13.000 boto galdu ditu aurtengo hauteskundeetan, eta EAJk 2.000; PPk, ordea, 200 bat boto irabazi ditu, duela lau urteko hauteskundeekin alderatuta.
2007an Patxi Lazcozek irabazi zuen alkatetza, eta Gasteizko Udaleko lehen alkate sozialista bihurtu zen; izan ere, boto gehien jaso zuen alderdia izan zen, PPk bezala, 9 zinegotzi lortu baitzituen.
Legealdian EAJren laguntza izan du Lazcozek aurrekontuak onartzeko, eta jeltzaleek sozialisten laguntza izan dute Arabako Foru Aldundia gidatzeko.