X-eleccionesmunicipalesforales-X -
Kanpainaren amaiera
Normaltasunaren kanpainari amaiera eman diote euskal alderdiek
Hauteskunde-kanpainaren azken orduak botoa eskatzeko eta proposamenak azaltzen jarraitzeko aprobetxatu dituzte alderdiek. M-15 mugimendua protagonista izan da hauteskunde-kanpainan.
Erredakzioa
EAJ
Iñigo Urkullu EAJko presidenteak adierazi du bere alderdia "alternatiba bakarra" dela PSE-PP itunaren aurrean eta "haren Gobernua menperatuta dagoen bitartean twitteatzen dagoen lehendakariaren aurrean".
Urkullu Bilboko Casilla pabilioian izan da, EAJk hauteskunde-kanpainari amaiera emateko egindako ekitaldian. Besteak beste, EAEko hiru hiriburuetarako alkategaiak, ahaldun nagusigaiak eta Juan Jose Ibarretxe lehendakari ohia ere izan dira bertan.
PSE
Bestalde, Patxi Lopez lehendakari eta PSE-EEko idazkari nagusiak bere alderdiaren alde bozkatzeko dei egin die euskal herritarrei, "ETArekin behin betiko bukatzeko helburuz". Izan ere, bere hitzetan, sozialistak "abiatutako bidetik desbideratuko ez garen", "printzipio demokratikoen defentsan irmo" jarraitzeko eta "herrialde honek bakean eta aske biziko duen" bermea baitira.
Lopez Gasteizen izan da ostiral arratsaldean, hauteskunde-kanpainari amaiera emateko PSE-EEk egindako ekitaldian. Bertan, Patxi Lazcoz Gasteizko alkategaia eta Txarli Prieto Arabako ahaldun nagusigaia ere izan dira.
PP
Antonio Basagoiti Euskadiko PPko presidenteak adierazi du bere alderdiak Araban "emaitza ona" lortuko balu, Zapaterok "etxera" joan beharko lukeela eta "berriz" enplegua sortuko luketela.
Basagoiti Gasteizko hotel batean izan da ostiral arratsaldean, PPk hauteskunde-kanpainari amaiera emateko ekitaldian. Bertan, Javier de Andres Arabako ahaldun nagusigaia, Javier Maroto Gasteizko alkategaia eta Iñaki Oyarzabal eta Ramon Rabanera buruzagiak izan dira, besteak beste.
Bildu
Pello Urizar Bilduko buruzagiak adierazi du hauteskundeen ostean koalizioak bermatu egingo duela euskal erakunde guztiek konpromisoa hartzea "aldaketa politiko eta sozialaren aldeko estrategiarekin".
Bilduk Donostiako Konstituzio Plazan egin du hauteskunde-kanpaina ixteko ekitaldia, eta bertan, Urizar ez ezik, Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusigaia ere izan da.
Ezker Batua
Mikel Arana Ezker Batuko koordinatzaile nagusiak "eusteko" eta "intsumisoak" izateko dei egin die Espainia osoan kanpatuta daudenei, baina ohartarazi nahi izan die ez bozkatzea alderdi handientzat eta botere ekonomikoentzat dela onuragarri.
Ezker Batuak Bilboko egoitza nagusian egin du hauteskunde-kanpaina ixteko ekitaldia. Bertan, Arana ez ezik, EAEko hiru ahaldun nagusigaiak ere izan dira: Julia Madrazo (Bizkaia), Nerea Galvez (Araba) eta Arantza Gonzalez (Gipuzkoa).
Aralar
Aintzane Ezenarro Aralarreko legebiltzarkideak adierazi du bere alderdiaren aldeko botoek Euskadik behar duen "ezker abertzale politiko, ireki eta askotarikoaren" alde egiteko eta bakea "atzeraezina" izateko eta "atzerapausorik" ez izateko balioko dutela.
Aralarrek Bilboko Areatzan amaitu du hauteskunde-kanpaina, eta hara alderdi abertzaleko legebiltzarkideak eta hautagaiak bertaratu dira.
Nafarroan
Era berean, Nafarroako alderdiek amaiera eman diote hauteskunde-kanpainari. Bi aste hauetan, krisi ekonomikoa, langabezia eta hauteskundeen osteko balizko itunak izan dituzte hizpide, batik bat.