X-eleccionesmunicipalesforales-X -

Hauteskunde-kanpaina

UPNk Baztanen 'zoritxarreko kudeaketa' egitea egotzi dio NaBairi

Gai ekonomikoak eta langabezia Nafarroako alderdien mezuetan izan dira berriz ere kanpainaren azkenaurreko egunean.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Yolanda Barcina UPNren presidentegaia Baztanera joan da, eta bertan kritikatu egin du azken agintaldietan nazionalistek bertan egindako kudeaketak. Horrenbestez, "ekonomia onbideratzea"ren eta kudeaketa "arduratsua" egitearen alde egin du.

Barcina Elizondon izan da, Begoña Sanzberro Baztaneko alkategaiarekin batera. UPNko presidentegaiak esan du NaBairen kudeaketa "zoritxarrekoa" izan dela, eta beraz, udal horretan erregionalistek gobernatzeko ordua dela aldarrikatu du.

Uxue Barkos NaBai 2011ren Iruñeko alkategaiak Puerta del Solen (Madril) politikarien aurka protesta egiten ari direnak hizpude hartu ditu, eta koalizioak ahots hori "entzun" egin nahi duela esan du, "kolaborazioa eta lana eskaintzeko".

Patxi Zabaleta presidentegaia Tuterara joan da, Josemari Blanzako alkategaiarekin batera, eta bertan Erriberako egoera ekonomikoaz mintzatu da.

Roberto Jimenez PSNko presidentegaia Manuel Fernandez ''Lito'' MCA-UGTko idazkari nagusiarekin izan da, Altsasun eta Olazagutian, Sunsundeguiren eta Cementos Portlanden egoitzetan.

Jimenezek konpromisoa agertu du enpresa horietako etorkizunarekin eta langileekin, enplegua "lehentasuna" baita sozialistentzat. Litok esan du Gobernu sozialista bat ona litzatekeela langileentzat eta nafarrentzat. Izquierda-Ezkerra koaliziotik, Jose Miguel Nuin hautagaiak dei egin du Nafarroan "benetako aldaketa" egiteko. Bere esanetan, aldaketa ez da "PSN edo NaBai" hautatzea, baizik eta langabezia eta krisia ekarri dituzten politikei buelta ematea.

Santiago Cervera PPNko hautagaiak iragarri du bere alderdiak Yolanda Barcina babesteko prest dagoela, baldin eta hura bozkatuena bada, "krisiari aurre egiteko neurri egokiak" abiatzen baditu. Halaber, PSNrekin itunik ez egitea ere jarri du baldintza.

Maiorga Ramirez Bilduren Narroako Parlamenturako zerrendaburuak esan du "ezinbestekoa" dela "aldaketa politikoa eta soziala" erkidegoan, eta krisiaren aurkako neurri onean UPN agintetik kentzea dela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea