X-eleccionesmunicipalesforales-X -

Hauteskunde-kanpaina

'Legez' kargu politikoen soldata jakitea nahi du PSNk

PSOEko, PPko eta IUko hainbat buruzagi nazional Nafarroara joan dira asteazken honetan, haien hautagaiak babesteko.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Yolanda Barcina UPNko hautagaiak kritikatu egin du hauteskundeak izateko lau egun faltan PSNk oraindik argitu ez izana "Nafarroa desagertzea" nahi dutenekin itunak egiteko prest dagoen. "Nazionalistek Gobernua ez baldintzatzea galarazteko onena UPNren alde bozkatzea da", ohartarazi du.

Ondoren, Enrique Maya hautagaiak kultura arloko programa aurkeztu du, eta Iruña "Espainiako eta Europako mapa kulturalean" jartzeko ekitaldi bat sortzea proposatu du. Halaber, Zabalgunean liburutegia izango lukeen beste zentro zibiko bat eraikitzearen alde egin du.

Uxue Barkos NaBai 2011ren Iruñeko alkategaiak esan du Rodezno Kondearen plaka kendu egingo lukeela agintaldiaren "lehen egunean bertan", "askatasuna eta bakea defendatu zutenen omenez".

Gainera, NaBaiko hautagaiek prentsaurrekoa eskaini dute Eguesko osasun zentroaren aurrean, zerbitzu publikoak hizpide.

PSNk Elena Valenciano PSOEren Nazioarteko Politika eta Kooperazio idazkariaren babesa izan du. Valencianok "babesa eta beroa" agertu die hautagai sozialistei.

Iruñeko Errolda Zibilaren atean egindako "mitin espres" batean, Roberto Jimenez PSNren presidentegaiak "eskubide zibilak zabaltzea" proposatu du, eta "gardentasuna"ren alde egin du. Horrenbestez, "legez" kargu politikoen soldata jakin ahal izatea eskatu du.

Jose Andres Burguete CDNko hautagaiak bisita egin du Lizarrako azokan eta Nafarroako Hezkuntza Bereziaren Baliabide Zentroan (CREENA), eta kafe-eztabaida bat egin du Azagrako kultur-etxean.

Izquierda-Ezkerra koalizioak Gaspar Llamazares IUko diputatuaren babesa jaso du. Bestalde, Edurne Eguino Iruñeko alkategaiak euskara hartu du hizpide, eta herritarrek Administrazioarekin nahi duten hizkuntzan mintzatu ahal izateko konpromisoa hartu du

Mariano Rajoy PPko presidentea Huartera joan da, PPNko hautagaiak babestera, eta gogorarazi du bere alderdiak ez duela nahi Nafarroaren eta EAEren arteko organo instituzionalik egitea.

Bilduri dagokionez, hainbat emakumek dekalogo feminista bat aurkeztu dute Iruñean, borroka horri ematen dioten garrantzia erakusteko. Dekalogo horretan hainbat gauza proposatu dituzte, hala nola emakumeen autonomia ekonomikoa sustatzea eta haien bizi-baldintzen prekarietatearekin bukatzea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea