X-eleccionesmunicipalesforales-X -
Hauteskunde-kanpaina
PPren Donostiako alkategaia, 'krisiaren irteera zuzentzeko prest'
Ramon Gomezek esan du "profesional prestuak" izango dituela "berrikuntzak egiteko, liderrak izateko eta hiriaren etorkizuna eraikitzeko".
Erredakzioa
Ramon Gomez PPren Donostiako alkategaia "prest" agertu da "krisiaren irteera zuzentzeko", eta etorkizunari ez diola "beldurrik" gaineratu du.
Gomez Donostiako Aquariumean izan da, Borja Semper Gipuzkoako PPko presidentearekin batera, eta bertan, biak uretan sartu dira, marrazoen artean.
Bere esanetan, bainu hori "zaila" da, alkatetzan aurkituko lukeen "etorkizuna" bezala. Dena dela, adierazi du ez diola beldurrik etorkizunari, alboan "profesional prestuak" izango baititu "berrikuntzak egiteko, liderrak izateko eta hiriaren etorkizuna eraikitzeko".
"Ez diet beldurrik marrazoei, ez diet beldurrik krisiaren ondorioz dena beltz ikusten dutenei, ezta ezkorrei, zangotrabak jartzen dituztenei, besaulkietatik kexatzen direnei eta gure hiriaren arazoak konpontzen ez dituztenei ere", ohartarazi du.
Halaber, hiria krisitik "ausart, energiaz, adorez, anbizioarekin eta ideiekin" ateratzea defendatu du.
"PPk administrazioen artean sakonduko du dirua lortzeko, Donostian inbertitzeko, etorkizun hobea eraikitzeko, hiria atseginagoa izan dadin eta donostiarrak zoriontsuagoak izan daitezen", amaitu du.