X-eleccionesmunicipalesforales-X -

Hauteskunde-kanpaina

Bilduk Pasaiako badia eraberrituko du, baina kanpoko portua egin gabe

EAJ, PSE eta PP alderdiek "makro-proiektuetan oinarritutako eredu zaharkituak" bultzatzen dituztela salatu ostean, Bilduk esan du "hormigoirik gabeko proiektu handien alde" egingo duela.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bilduk Gipuzkoarako prestatuta dituen zenbait egitasmo aurkeztu ditu gaur goizean, Martin Garitano ahaldun nagusigaiaren eta Lohiune Txarola Bidasoa-Oiartzun barrutiko bigarren zerrendaburuaren eskutik.

Aipatu proiektuak ondoko hauek dira: Pasaiako badia eraberritzea, baina kanpoko portua eraiki gabe eta Uliatik Jaizkibelerako tartea natura-erreserba izendatuta; hondakin organikoak gaika banatzea; eta elikagai-subiranotasuna aldarrikatzea.

Garitanok esan dunez, "EAJ, PSE eta PP bezalako alderdiek defendatzen duten makro-proiektu faraonikoen eredua zaharkituta geratu da; horren aurrean, Bildu beste egitasmo handik batzuk bultzatuko ditu, baina hormigoirik gabekoak".

Gauzak horrela, Garitanok kanpoko porturik gabeko Pasaiako badia babestu du, izan ere, "kanpoko portu hori egiteak hondamendi ekonomikoa eta ingurumen-kalteak ekarriko lituzke". Bilduren iritzian, Pasaiako portuko jarduera suspertu behar da, "azpiegiturak modernizatuta, ingurumena errespetatuko duten jarduera ekonomikoak bultzatuta eta kalitatezko enpleguak sortuta".

Lohitzune Txarola hautagaiak, berriz, energia berriztagarriak zabaltzeko beharrizana azpimarratu du, "eraginkortasun energetikoaren eszenatokira heltzeko". Hori dela eta, Pasaiako zentral termikoa nahiz Garoñako zentral nuklearra ixtearen alde egin du. Amaitzeko, elikagai-subiranotasuna aldarrikatu du, Euskal Herriko nekazariek eta abeltzainek baldintza duinetan lan egin dezaten.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea