X-eleccionesmunicipalesforales-X -

Hauteskunde-kanpaina

PP: 'Ez du zentzurik EAEko administrazioak elkar lehiatzeak'

Javier de Andresek Bilboko Portuaren logistika terminal bat Pancorbon (Burgos) egitea egotzi die PSE-EEri eta EAJri.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Javier de Andres PPren Arabako ahaldun nagusigaiak salatu du ez duela "zentzurik" EAEko administrazioak "elkar lehiatzeak", eta, horren ildotik, Bilboko Portuaren logistika terminal bat Pancorbon (Burgos) egitea egotzi die PSE-EEri eta EAJri.

De Andres Jundizeko industriagunean izan da astelehen goizean, eta bertan, enplegua eta aberastasuna sortzeko "inbertsio produktiboak" egin behar direla aldarrikatu du.

Bilboko Portuak Burgosen terminal bat egitea erabaki eta gero piztutako polemika ere hizpide hartu du, eta ''portu lehor'' hori Araban egin ez izana deitoratu du.

Halaber, Bilboko Portuko Agintaritzak antzeko beste terminal bat Zaragozan egiteko aukera ere kritikatu du, Arabak tankera horretako azpiegiturak izateko baldintzak betetzen baititu.

De Andresek gogorarazi du EAJk eta PSEk gehiengoa dutela Bilboko Portuaren zuzendaritza organoetan, eta, beraz, Pancorboko terminala Araban egitea lortzeko "pisu politiko urria" izatea leporatu die.

"Ez du zentzurik euskal administrazioak elkar lehiatzeak, hainbat azpiegitura kanpora eramanda", salatu du. Hori horrela, PP Arabako Aldundian sartuz gero, lurraldearentzat kaltegarri izan litezkeen erabakiak galarazten saiatuko direla promestu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea