X-eleccionesmunicipalesforales-X -
Hauteskunde-kanpaina
Donostialdeko Metroa eraikitzeko konpromisoa berretsi du PSEk
Iñaki Arriolaren eta Miguel Buenen iritzian, horrelako egitasmo batek Gipuzkoako Diputazioaren babesa behar du, "baina kontra egiteagatik", EAJ Bildurekin elkartzeko gai izango dela uste dute.
Erredakzioa
Iñaki Arriola Eusko Jaurlaritzaren Garraio sailburuak esan du Miguel Buen eta Odon Elorza direla, hurrenez hurren, "Gipuzkoaren eta Donostiaren interesak hobeto defendatuko dituzten agintariak". Era berean, Alderdi Sozialistak Donostialdeko Metroa eraikitzeko duen konpromisioa berretsi du.
Arriola, Buen eta Elorza PSEk Donostian egin duen ekitaldi politikoan izan dira, Rafaela Romero Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidentea ere alboan izan dute.
Arriolak azpimarratu duenez, Alderdi Sozialistak "begi-bistan ditu beti jendearen benetako kezkak" eta, ondorioz, PSEri botoa ematea "herritarren ahotsa instituzioetara eramatea da". Adibide moduan esan du sozialistak Donostiako udaletxetik nahiz Eusko Jaurlaritzatik Altza "lehen mailako auzoa" izateko lanean ari direla.
Ildo horretan, Donostialdeko Metroaren proiektu hartu du hizpide. "Etorkizuneko egitasmoa da, modernoa eta jasangarria, baina gauzatu ahal izateko ezinbestekoa da Jaurlaritzaren babesaz gain, Gipuzkoako Diputazioarena izatea".
Horren erakusgarri, Bilboko Metroa aipatu du: "Bilboko Metroa gauzatzea posible izan bazen, bai Jaurlaritzak bai Bizkaiko Diputazioak egitasmo iraultzaile haren beharrizana ikusi zutelako da". Horrenbestez, Gipuzkoako Diputazioak Donostialdeko Metroarengan sinestea ezinbestekotzat jo du Arriolak.
Metroaren Altza-Herrera zatia eraikitzeko lanak astelehen honetan bertan esleitu dituztela iragarri du. "Proiektua aurrera doa, baina ez dugu EAJren konpromisorik", deitoratu du.
Miguel Buenek "galdutako denbora berreskuratzeko" unea iritsi dela eta Gipuzkoa "modernizatu" egin behar dela esan du. Bere ustez, ibilgailu pribatuen alternatiba izango da Donostialdeko Metroa.
Gipuzkoako ahaldun nagusigaiaren aburuz, egitasmo horrek "babes politikoa" behar du eta horregatik esan du azpiegitura horren aurka egoteko Bilduren arrazoiak ulertzen ez dituela. Ildo berean, hauteskundeen ostean EAJk Bildurekin akordioak sinatzeko "arazorik" izango ez duela ohartarazi du.