X-eleccionesmunicipalesforales-X -

Hauteskunde kanpaina

UPNk Memoriaren Parkea ez finantzatzea kritikatu du Izquierda-Ezkerrak

Hauteskunde kanpainaren bederatzigarren egunean ez da Nafarroatik kanpoko buruzagi politikorik izan foru erkidegoan.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Yolanda Barcina UPNko presidentegaia zerrendetan dauden 100 emakumerekin inguru batzartu da Cintruenigon.

Ekitaldi horretan, Barcinak adierazi du bere alderdiak "emakumean sinisten" duela, eta PSNko hautagaiari "matxista" izatea egotzi dio. Izan ere, "andrea" deitu zion, eta bere ustez ez luke antzekorik egingo gizonezkoa izan balitz. "Ez gara andreak, izen-abizenak ditugu", nabarmendu du Barcinak, eta UPNren zerrendetan 414 emakume daudela (hautagaien % 40,8) eta horietako 27 zerrendaburu direla gogorarazi du.

Patxi Zabaleta Nafarroa Baiko presidentegaiak esan du koalizioa aldaketa politikoaren "bermea" dela, eta NaBai "boto eraginkorra" dela UPN Foru Gobernutik kentzeko. Halaber, alderdi horrekin ez dutela "inoiz" gobernatzeko akordiorik sinatuko aurreratu du.

Hori horrela, UPNrekin berriz akordioa sinatzeko prest dagoen galdetu dio PSNri, eta hala egitea boto-emaile sozialistei "iruzur" egitea litzatekeela ohartarazi du, aldaketa egitea promestu duelako.

Roberto Jimenez PSNko hautagaia Nafarroako Unibertsitate Publikoan izan da, hezkuntza hizpide. Bere esanetan, sozialistek Nafarroa "askotarikoa eta ezkertiarra" izatea eta aberastasuna banatzea nahi dute, eta zeregin horretan hezkuntza publikoaren papera goratu du.

Jimenezek eredu barneratzaileen alde egin du, eta arazoetan daudenentzat baliabide gehiago bideratzea proposatu du. Besteak bestem lanbide heziketa "malguagoa" eta beharrei "hobeto moldatuta" nahi du, unibertsitatearentzako finantziazio egonkorragoa eta medikuntza gradu berrien sorkuntza ere proposatu ditu.

CDNk adierazpen bat aurkeztu du Iruñeko egoitza nagusian. Adierazpen horrekin, jarduera ekonomikoa pertsonen mende egon behar dela iritzi diote, "askatasunaren eta justizia sozialaren aldeko konpromisoa" berretsi du.

Izquierda-Ezkerra koaliziotik, Jose Miguel Nuin hautagaiak salatu du "onartezina" dela UPNk diktaduraren biktimen aurrera izandako jarrera, Memoria Historikoaren legeari "boikota" egin baitio eta Sartagudako Memoriaren Parkea finantzatzea errefusatu duelako.

Santiago Cervera PPko presidentegaiak kritikatu du PSNk eta UPNk "betikotu" egin nahi dituztela Foru Erkidegoan dituzten akordioak, ondorio negatiboak ekarri badituzte ere.

Maiorga Ramirez Bilduko hautagaiak berretsi du koalizioak "konpromisoa" duela "herritarren parte-hartzearekin", eta Nafarroa "bidezkoagoa eta solidarioagoa" izatea nahi dutela. Halaber, UPNren "argudio hutsen" aurrean, Bildu "ezinbesteko indarra" dela nabarmendu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea