X-eleccionesmunicipalesforales-X -
Hauteskunde-kanpaina
Bilbaok PP kritikatu du 'dena doakoa' izango dela hitz eman duelako
Bizkaiko ahaldun nagusigaiak gogorarazi du "higiezinen burbuila sustatu zutenak" izan zirela, eta "batzuk aberastu eta bost milioi lagun langabetu" dituztela.
Erredakzioa
Jose Luis Bilbao EAJren Bizkaiko ahaldun nagusigaiak PPk zergak jaisteko egin dituen proposamenak kritikatu ditu, "dena doakoa" izango dela hitz eman dutelakoan. Era berean, PPkoak "higiezinen burbuila sustatu zutenak" izan zirela gogorarazi du, eta horrek "batzuk aberastu eta bost milioi pertsona langabetu" dituela.
Bilbaok Ortuellan egin ditu adierazpenok Oskar Martinez alkategaiarekin eta Andoni Ortuzar Bizkaiko jeltzaleen presidentearekin egindako ekitaldian.
PPk egin dituen promesak "faltsuak" direla salatu du eta hautesleriari "ez fidatzeko" deia egin dio, izan ere, "BEZ zerga jaitsiko duela, PFEZ zerga kenduko diela erretiratuei... denei, baita Emilioi Ybarrari eta bere Neguriko lagunei ere, autopistako bide-saria kenduko duela, Bilbon TAO kenduko duela" hitz eman du PPk.
Hautagai jeltzaleak gaineratu duenez, "dena doakoa izango dela hitz ematen duten horiek, errezeta liberalekin krisia gainditu eta enplegua sortuko dela esaten dutenak, horiexek izan ziren adreiluaren ekonomia sustatu zutenak, Espainiako higiezinen burbuila eragin zutenak, eta horrekin batera batzuk aberastu eta bost milioi pertsona langabetu zituztenak".
"Zuek, ortuellarrok, meatzeen ingurukoak zarete eta badakizue zein den eskuindarren estiloa eta diskurtsoa. Urtetan bizi izan duzue. Ez ahaztu eskuindarrek zer egin zuten zuen gurasoekin, odola xurgatu zieten, bizitzak kendu zizkieten dirutzak biltzeko, eta gero itsasadarraren beste aldean jarri zituzten dirutza horien erakusgarriak", gogorarazi du Bilbaok.