X-eleccionesmunicipalesforales-X -

Hauteskunde-kanpaina

'Arrazakeria eta xenofobia bultzatzea' egotzi dio Patxi Lazcozek PPri

Gasteizen polemika piztu da Zaramaga auzoan meskita bat irekiko dutelako eta horrek Patxi Lazcoz eta Javier Marotoren arteko ika-mika eragin du.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

"Arrazakeria eta xenofobia bultzatzea" leporatu dio gaur Patxi Lazcoz (PSE) Gasteizko alkategaiak Javier Maroto PPko alkategaiari, Arabako hiriburuan irekiko dute meskitak piztu duen polemikaren baitan.

Gainera, Lazcozek nabarmendu du Alderdi Popularraren agintaldian gisa horretako beste hiru tenplu zabaldu zirela.

Patxi Lazcozek PSEk Gasteizen egin duen ekitaldian parte hartu du, eta bere alboan izan dira, besteak beste, Txarli Prieto Arabako diputatu nagusigaia eta Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzaren bozeramailea eta Justizia sailburua.

Polemikak Interneten egindako iruzkin batean du sorburua. Alderdi Popularrak sinatutako komentario batean, Javier Maroto alkatetzara helduz gero, meskita hori irekitzeko PSEk emandako baimena atzera botako zutela agintzen zen.

Gasteizko Udalak jakinarazi du tenplu hori eraikitzeko eskaerak baldintza legal guztiak betetzen dituela eta, ondorioz, atzera botatzeak prebarikazio delitua suposatuko lukeela.

Atzo, Marotok bere alderdiaren jarrera zehaztu nahi izan zuen: "Bizilagun batzuen salaketaren arabera, lizentzia hori izaera erlijiosoko erabilera izango duen zentro baterako da, eta ez meskita baterako; ezin da meskita bat ireki, beste gauza baterako lizentzia eskatuta".

Horiek horrela, auzia zorrotz aztertuko zuela agindu zuen, araudia betetzen badu baimena kentzea ezinezkoa dela onartu ostean.

Patxi Lazcozek Javier Marotoren jarrera kritikatu du; izan ere, "Marotok jakin badaki Alderdi Popularrak agindu zuen urteetan hiru tenplu ireki zirela orain erabili den formula berarekin".

Areago, tenplu horietako bat egokitzeko Gasteizko Udalak diru publikoa erabili zuela azpimarratu du, "orain egingo ez den moduan".

Lazcozen iritzian, Marotoren adierazpenekin "arrazakeria eta xenofobia bultzatu eta tentsioa eragiten da". Hori dela eta, arduraz jokatzeko eskatu dio, "Gasteizen tolerantzia eta aniztasuna errespetatzeko".

Bestalde, Txarli Prietok esan du PSE dela alternatiba bakarra EAJren eta PPren "kontserbadorismoaren aurrean". "Ezkerreko jende asko kezkatuta dago, eskuindarrak oso suspertuta ikusten dituztelako", erantsi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea