X-eleccionesmunicipalesforales-X -
Irekian
Errandonearen argazkia 'nazkagarria' dela adierazi du Patxi Lopezek
ETAko preso ohia Bilduren pankartarekin "ikustea irudi desatsegina" izan dela azaldu du lehendakariak.
Erredakzioa
Ander Errandonea ETAko preso ohia Herrera de La Manchako espetxetik atera da gaur Bilduren pankarta bat eskuetan zuela. Patxi Lopez lehendakariaren hitzetan, argazki "nazkagarria" izan da. Era berean, Bildu koalizioari, "bereziki EA eta Alternatibari", euren proposamena erakunde terroristak "egindako krimenak eta eragindako sufrimendua" ez arbuiatzea ote den argitzeko eskatu die lehendakariak.
Twitter sare sozialean eta Irekian egindako elkarrizketan, ETAko preso ohia Bilduren pankartarekin "ikustea irudi desatsegina" izan dela azaldu du Lopezek.
Agintariaren ahotan, "hilketak eta atentatuak egin dituen norbait, zigorra bete ostean kartzelatik atera eta egindako krimenengatik damuturik izan beharrean, espetxetik ateratzean mundu guztiaz barre egin nahi izatea higuingarria da".
Lehendakariaren esanetan, "euren proposamena hori den jakiteko Bildurentzako, eta batez ere EA eta Alternatibarentzako, aukera oso ona da, egindako krimenak ez arbuiatzea, indarkeriaz eta eragindako sufrimenduaz ez damutzea, alegia".
"Amildegi demokratiko batek urruntzen gaitu"
Gainera, PSEk Bildurekin itunik ez duela sinatuko ziurtatu du Lopezek, "amildegi demokratiko batek urruntzen gaituelako". Nahiz eta legezko alderdi bat izan, "demokrata izaten praktikaz ikasten da", buruzagiaren hitzetan. Zentzu horretan, koalizio soberanistak "ibilbide demokratikoa bete behar du oraindik", erantsi du.