X-eleccionesmunicipalesforales-X -

Hauteskunde-kanpaina

Familiei fakturak ordaintzeko laguntzak ematea proposatu du Elorzak

Odon Elorza Donostiako alkategaiak esan du bere helburu nagusiak enplegua eta etxebizitza direla. Horrez gain, EAJko eta PPko zenbait hautagai "urduri" antzeman dituela adierazi du.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Odon Elorza PSEren Donostiako alkategaiak fakturak ordaintzeko arazoak dituzten familiei laguntzak ematea proposatu du. "Garai txarrak dira, ez da zergak igotzeko garaia, eta, igotzekotan, inoiz ez KPI baino gehiago; are gehiago, zabor-bilketarako zergak edota uraren fakturak ordaintzeko arazoak dituzten familiei laguntzak ematea proposatzen dut", esan du Donostian egindako ekitaldi batean.

Krisi ekonomikoaren ondorioz, aurretik urte gogorrak izango ditugula ohartarazi du Elorzak. "Susperraldia geldoa izango da eta herstura ekonomikoak jarraitu beharko du, kudeatzea eraginkorragoa izan dadin", azaldu du.

Donostian egindako inbertsio handiak azpimarratu ditu eta oraindik egiteko daudenak aipatu ditu: "Tabakalera eta autobus geltokiaren proiektuak egingo ditugu".

Bere erronka nagusiak enplegua eta etxebizitza direla berretsi du. Horrez gain, gastuari dagokionez, zorroztasuna agindu du, "diru gutxiago baitago eta gakoa gauza garrantzitsuei lehentasuna ematea izango da", adierazi du.

Aurrekontuak zertarako bideratzen diren ere ondo zaindu behar dela nabarmendu du. "Dirua ezin dugu graffitiak eta zakurren kakak garbitzen edo batzuek apurtzen dituzten ondasunak konpontzen xahutu; gizalegezko jarrerak bultzatu behar dira horrelakoak ekiditeko", esan du.

"Ez zaigu gaizki iruditzen kalean edatea, baina ondoren batu dezatela zaborra, mesedez", gaineratu du.

Bestalde, komunikabideen bitartez bere izen ona zikindu nahi izan dutela salatu du. "EAJko eta PPko hautagai batzuen artean urduritasuna antzeman dut", erantsi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea