X-eleccionesmunicipalesforales-X -

Konstituzionalaren epaia

'Bildu legez kanpo uzteak arriskuan jarriko luke Estatua'

Auzitegi Konstituzionalak jakitera eman duenez, ez dago egiaztatuta ETAk Bildu erabili duenik, eta "susmo soila ez da inolaz ere onargarria inori politikan parte hartzeko eskubidea ukatzeko".

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bildu maiatzaren 22ko hauteskundeetan izateko baimendu zuen epaia zabaldu du Auzitegi Konstituzionalak. Horren arabera, "Estatu konstituzionalaren segurtasuna kontrol prebentiboen bitartez kosta ahala kosta babesteko nahiak Estatu konstituzionala bera jartzen du arriskuan lehenik eta behin".

"Asmo hori neurrigabekoa da, gainera, gure ordenamenduak, azken lege erreformen bitartez, hartutako kontrol tresnak ikusita", gaineratu du Konstituzionalak astelehen honetan zabaldutako epaian. Auzitegi Konstituzionaleko epaileen arabera, "susmo soila ez da, onargarria, legearen aldetik, inori politikan parte hartzeko funtsezko eskubidea ukatzeko".

"Baliteke etorkizunean susmo hori baieztatzea baina, egungo prozedurari begiratuta, ezin da politikan parte hartzeko eskubide askearen erabilera mugatu", gaineratu du.

Auzitegi Konstituzionalak baieztatu duenez, behin Fiskaltzak eta Estatuaren Abokatutzak aurkeztutako dokumentuak aztertuta, ez dago egiaztatuta ETAk Bildu tresna gisa erabili duenik.

ETA eta EAren arteko bilera

Azkenik, ETAren eta Eusko Alkartasunaren arteko bilera (2009ko otsailean) azaltzen duen Guardia Zibilaren azken txostenari buruz mintzatzen da sententzia. Europako eta EAEko hauteskundeetan ustezko lankidetza batetaz hitz egiten zuen txostenak, baina kolaborazioa ez zela gauzatu gogorarazi du Konstituzionalak.

Bilduren parte-hartze politikorako eskubidea "bertan behera uzteko Auzitegi Gorenak argudiatutako zantzuak nahikoak ez" direla azpimarratu du Konstituzionalak.

"Eskumenak gainditu dituzte"

Bilduri hauteskundeetan parte hartzea defendatu zuten bost epaileek Auzitegi Konstituzionalaren erabakiari kritika egin diote gaur. Haien ustez, Auzitegi Konstituzionalak bere eskumenak "gainditu egin ditu" Auzitegi Gorenak aztertutako probak ebaluatzean. Manuel Aragon, Francisco Perez de los Cobos, Javier Delgado Barrio, Francisco Jose Hernando eta Ramon Rodríguez Arribas epaileek igorritako boto partikularretan azaldu dutenez, Auzitegi Gorenak "bere eskumenak gainditu egin ditu".

"Auzitegi Konstituzionalaren lana ez da aurkeztutako probak berriro aztertzea", esan du Rodríguez Arribas epaileak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea