X-eleccionesmunicipalesforales-X -

Hauteskunde-kanpaina

Nafarroa Bairen formula EAEn ezartzea proposatu du Aralarrek

Andres Landa Gasteizko alkategaiak etxebizitza-politika izan du hizpide, eta alokairu sozialaren aldeko apustua egin du.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jon Abril Aralarreko koordinatzaileordeak Nafarroa Bairen formula EAEn erabiltzea proposatu du, "ezberdinen arteko indar metaketa posible delako".

Gasteizko Zaramaga auzoan egin du ekitaldia Aralarrek, eta bertan izan dira, besteak beste, Jon Abril, Mikel Basabe eta Andres Landa Arabako hiribururako alkategaia. "Beste kultur politika bat" ezinbestekotzat jo du, etxebizitza, gizarte, hezkuntza eta osasun gaietan beharrezkoak diren aldaketak emateko. Aldaketa hori posible dela azpimarratu du Jon Abrilek, eta horren adibide Nafarroa Bai (EAJk, Aralarrek eta independenteek osatuta) dela esan du. Maiatzaren 22an "aldaketa hori" gauza daitekeela adierazi du; izan ere, "herritarrek babesa eman diote ezberdinen arteko indar metaketari". Beste alde batetik, Andres Landa Gasteizko alkategaiak etxebizitza-politika hizpide hartuta eta alokairu sozialaren alde egin du, etxebizitzak erosteko ereduak "desorekak eragiten dituelako gizartean". Aralarrek "eredu sozialagoa eta ausartagoa defendatuko du eta auzoek beren nortasunari eustea ahalbidetuko du", nabarmendu du.

"Araba da etxebizitza hutsen tasarik altuena duen lurraldeetako bat, 10.000 etxebizitza baino gehiago baitaude hutsik", ohartarazi du. "Egoera hori izan arren, adreiluaren alderdiek, EAJk, PPk, PSE-EEk eta EBk, eraikitzen jarraitu behar dela esaten dute", kritikatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea