X-eleccionesmunicipalesforales-X -
Hauteskunde-kanpaina
Aralar:'PSOEk eta EAJk eragindako langabeziari aurre egingo diogu'
Iosu Murgia Bizkaiko Batzar Nagusietarako Aralarren hautagaiak esan du krisi ekonomikoa eta langabezia gainditzeko "alternatiba ezberdinak" mahai gainean jartzea garai iritsi dela.
Erredakzioa
Aralarrek Bilbon egin du igande goizeko ekitaldia eta bertan izan dira, besteak beste, Aintzane Ezenarro, Iosu Murgia Bizkaiko Batzar Nagusietarako hautagaia eta Felipe Urkidi Bilboko alkategaia.
Aintzane Ezenarrok adierazi duenez, "azken urteotako egoerarik onenean gaude, behin betiko bakea eta normalkuntza politikoa lortzeko pausu irmoak eman direlako".
Hori dela eta, "hauteskunde-kanpaina lasaia" iragarri du eta, ondorioz, herri-programetaz, gizarte-gaietaz eta langabeziaz hitz egingo dela eta pozik agertu da.
Bestalde, Iosu Murgia Bizkaiko Batzar Nagusietarako hautagaik esan du "alternatiba ezberdinak aurrez aurre jartzeko" unea dela, "krisi ekonomikoan dagoen euskal gizarteari eta Bizkaiari proposamenak luzatzeko".
Bizkaian 75.000 pertsona langabezian daudela ekarri du gogora eta jarraian esan du EAEn langabeen kopurua 150 milara iritsi bada, "EAJk eta PSOEk adostutako lan-erreformaren ondorio" dela.
Felipe Guridi Bilboko alkategaiak ere langabezia izan du hizpide eta Aralarren helburu nagusia enplegua sortzea dela azpimarratu du.