X-eleccionesmunicipalesforales-X -
Maiatzeko hauteskundeak
PP: 'Demokrazia ETAren mehatxupean egongo da berriro'
Antonio Basagoiti PPren EAEko presidenteak adierazi duenez, Bilduren alde bozkatu duten Konstituzionaleko epaileek "Batasuna ona dela" pentsatzen badute, "eraman dezatela haien etxera".
Erredakzioa
Antonio Basagoiti PPren EAEko presidenteak esan du ez zaiola gustatzen eta ez zaiola "egokia" iruditzen Auzitegi Konstituzionalak Bilduri hauteskundeetan parte hartzeko baimena ematea. Hori dela eta, demokrazia "Espainiako zati honetan babes gutxiagorekin eta berriro ETAren mehatxupean" egongo dela salatu du.
Horren harira, Bilduren aldeko botoa eman dute sei epaileei eta "haien nagusiei" mezua igorri die: "Batasuna ona bihurtu dela ziurtatzen badute, eraman dezatela etxera bizitzera eta orduan ikusiko dute zer diren". "Zeren orain Madrilen erabaki dute erosotasun osoz, baina guk sufritu behar dugu Euskal Herriko udaletan", gaineratu du.
EAEko PPren hauteskunde kanpaina hasteko Bilbon egin duten ekitaldian Basagoitik azaldu duenez, ebazpena beteko du bere alderdiak, "gustatu ala ez", baina Bilduren alde bozkatu duten epaileak "erratuta" daudela uste du.
"Sendotasun eta exijentzia demokratiko berberarekin jarraitzen dugu", ohartarazi du Basagoitik, izan ere, ETA garaitu arte borrokan segituko omen dute, inpugnatzeko bide gehiago daudelako.