X-eleccionesmunicipalesforales-X -

Maiatzeko hauteskundeak

Eusko Alkartasuna ETArekin bildu zen 2009an, Guardia Zibilaren arabera

Guardia Zibilak ustezko bilera horren akta atzeman zuen polizia operazio batean, eta Fiskaltzak froga gisa aurkeztu du. Konstituzionalak ez du Hernandoren inpartzialtasuna zalantzan jarri.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Fiskaltzak beste froga bat aurkeztu du gaur goizean Auzitegi Konstituzionalean Bilduren aurkako prozesuan: ETAk eta EAk 2009an ustez egin zuten bilera baten akta, Europa Press agentziak jakinarazi duenez.

Bilduk hauteskundeetan parte har dezakeen edo ez ebatzi behar du gaur Konstituzionalak, eta gauerdia arteko epea du hori erabakitzeko.

Atzo, koalizioak Auzitegi Gorenaren debekuaren aurkako helegitea aurkeztu zuen, eta, gaur goizean, Fiskaltzak alegazioak aurkeztu ditu, tartean aipatu akta.

Nolanahi ere, ez dago argi Konstituzionalak froga berria onartuko duen.

Txostena Guardia Zibilak atzeman zuen, 2010eko otsailean, Halboka operazioan.

Aipatu iturrien arabera, Guardia Zibilak bart igorri dio Fiskaltzari, orain arte ezin izan baitzuen edukia itzuli. Akta ETAko kide batek idatzi du. Guardia Zibilaren esanetan, EAko bi kide eta erakunde terrorista Euskal Herriko jatetxe batean batzartu ziren.

Txostena oso luzea da eta bertan 2005ean ustez egindako beste bilera bat aipatzen da. Batzar horretan, baliteke Carlos Garaikoetxeak parte hartu izana.

Aktaren arabera, ETAk eta EAk akordioak lortzen saiatzeko beharra azpimarratu zuten, baina idatzian ez da hauteskunde zehatzik aipatzen.ETAren aktaren esanetan, erakunde terroristaren hausnarketa guztien aurrean EAk "bai, bai eta bai" esan zuen.

EAk salaketa egingo du, irainengatik

Fiskaltzak Konstituzionalean aurkeztutako dokumentoen "irainak" auzitegietan salatuko dituela iragarri du EAk.

Pello Urizarrek zuzendutako alderdiak "eguerdian hainbat hedabideetan zabaldutako informazioak" ukatu egin ditu eta "egindako irainen kontrako salaketa" aurkeztuko duela adierazi du. Honen harian, "Konstituzionalak Bilduren inguruan erabaki behar duen egunean zenbait hedabideek egindako azpikeria" kritikatu du alderdi abertzaleak.

Garaikoetxeak "polizia fartsatzat" jo du

Carlos Garaikoetxea lehendakari ohi eta EAren sortzailearen hitzetan, bere alderdiak ez du ETArekin bilerarik izan, eta Fiskaltzak aurkeztutako agiriak "Poliziaren fartsa" direla esan du.

"Gezur lotsagarria" da, esan du Garaikoetxeak Ser katean; ildo horretan, gaur aurkeztutako agiria "maniobra eskandalagarria" da, eta "kasualitatez, egun kritiko batean egindakoa"; izan ere, Auzitegi Konstituzionalak Bilduren inguruko erabakia hartu behar du.

Hernando inpartziala da, AKren arabera

Auzitegi Konstituzionalaren (AK) arabera, ez dago arrazoirik Francisco Jose Hernando Auzitegi horretako epailearen inpartzialtasuna zalantzan jartzeko, 2003an Auzitegi Gorenean 61. artikuluaren Areto Bereziko epailea izan arren. Areto horrek berak utzi zuen Batasuna legez kanpo, baina hori ez da Bilduren inguruan bere inpartzialtasuna zalantzan jartzeko arrazoia, epaileen ustez.

Auzitegi Konstituzionalak ez du Bilduk eskatutako epaile-errekusazioa onartu; Hernandok parte ez hartzea eskatu zuen Bilduk.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea