X-eleccionesmunicipalesforales-X -

Maiatzeko hauteskundeak

Konstituzionalak errefusatu egin du Hernando epailearen errekusazioa

-Konstituzionala batzartuta dago, eta gauerdia baino lehen erabaki beharko du Bilduren etorkizuna.

- Fiskaltzak beste froga bat aurkeztu du: ETAk eta EAk egin omen zuten bilera baten akta.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Auzitegi Konstituzionala batzartuta dago eta gaur gauerdia arteko epea du Bildu hilaren 22ko foru eta udal hauteskundeetara aurkez daitekeen erabakitzeko. Izan ere, ordu horretan hasiko da hauteskunde kanpaina.

Bilduk atzo aurkeztu zuen hauteskundeetan izatea galarazten dion epaiaren aurkako helegitea, eta Konstituzionalak onartu egin zuen izapidetzea.

Helegitea bigarren aretoak ebatzi beharko du. Bertan sei epaile daude, eta zatiketa ideologikoa oso handia da: hiru progresistak dira, eta beste hirurak, ordea, kontserbadoreak.

Bigarren aretoko presidentea Eugeni Gay progresista da, eta gainerako kideak honakoak dira: Elisa Perez Vera eta Luis Ignacio Ortega (PSOEk izendatu zituen), eta Francisco Hernando (Auzitegi Goreneko presidente ohia), Ramon Rodriguez Arribas eta Francisco Perez de los Cobos (PPk izendatu zituen).

Berdinketa kasuan, Gayrena kalitateko botoa izango da. Dena dela, baliteke auzia Auzitegi Konstituzionaleko osoko bilkurara igortzea, eta bertan progresistak dira nagusi: zazpi progresista eta lau kontserbadore daude.

Bilduk epaileetako bat ezeztatu du

Saioaren hasieran, Konstituzionalak errefusatu egin du Bilduk Francisco Jose Hernando epaile kontserbadorearen aurka aurkeztutako errekusazioa.

Hernandok berak idatzi behar du epaia. Abenduan izendatu zuten Konstituzionaleko epaile, PPk proposatuta, 2001etik 2008ra Botere Judizialeko Kontseilu Nagusiko (CGPJ) eta Auzitegi Goreneko presidente izan eta gero.

Goreneko burua zenean, 61eko areto bereziko presidente ere izan zen, eta ezker abertzaleko hainbat alderdi legez kanpo uzten parte hartu zuen.

ETAren eta EAren arteko bilera baten akta

Vasco Press agentziak jakinarazi duenez, Fiskaltzak beste froga bat aurkeztu du gaur goizean Konstituzionalean: ETAk eta Eusko Alkartasunak 2009ko otsailean (erakunde terroristak Inaxio Uria enpresaburua hil eta hiru hilabetera) ustez egin zuten bilera baten akta.

Akta Guardia Zibilak atzeman zuen iaz polizia operazio batean, eta kodetuta zegoen. Horrenbestez, agenteek hilabeteak behar izan dituzte edukia ezagutzeko.

Bilduren helegitearen aurkako alegazioen artean aurkeztu du akta Fiskaltzak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea