X-eleccionesmunicipalesforales-X -

Bilduren zerrendak, baliogabe

Aralar, EB, Alternatiba eta EA Bilduren alde kalera irtengo dira gaur

Herritarrei "Gorenaren sententzia salatzeko" gaur 19:30ean egingo diren kontzentrazioetan parte hartzeko deia egin die lau alderdiek medioetara bidali duten komunikatu bateratu batean.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Aralarrek, Alternatibak, Eusko Alkartasunak eta Ezker Batuak ''Eskubide guztien alde. Ilegalizaziorik ez!'' lemapean gaur arratsaldean egingo diren "isileko kontzentrazioetan" parte hartzeko deia egin die herritarrei, "Bildu koalizioa legez kanpo utzi duen Auzitegi Goreneko sententzia salatzeko".

Prentsa ohar bateratu batean, Aralarrek, Alternatibak, Eusko Alkartasunak eta Ezker Batuak "politikaren judizializazioa" salatu dute eta "euskal gizartearen zati garrantzitsu bat maiatzaren 22ko hauteskundeetatik at uzteko saiakera gaitzesten dugu", gaineratzen du oharrak.

"Bildu koalizioaren apustuak, bai eta bertan parte hartzen duten alderdi eta pertsona independenteenak ere, bide politiko eta demokratikoen alde egiten du, ez du zalantzarik airean uzten eta Euskal Herrian emango den aldaketa politikoari laguntzen dio, bakeari eta normalizazio politikoari, alegia" azpimarratzen dute komunikatuan.

Lau alderdien iritziz, gizartearen babes handia duen koalizio bat legez kanporatzeak "herritarren artean haserrea eta ezinegona sortu du, baita ohar hau sinatzen dugun alderdion artean ere, beraz, euskal gizartearekin batera Auzitegi Gorenaren sententziari lanean erantzuteko apustua egiten dugu".

"Estatuko instantzia batzuek Euskal Herrian ireki den prozesuari uko egiten diote, eta horretarako eskura dituzten medio guztiak ari dira erabiltzen, baita herritarren zati bati eskubide zibil eta politikoak ukatzea ere ", diote prentsa oharrean.

"Edozein kasutan, prozesu politikoak aurrera jarraitzen du, eta aurrera egiten jarraituko du Aralarren, Alternatibaren, Eusko Alkartasunaren eta Ezker Batuaren laguntzarekin eta gizartearen protagonismoarekin. Aldaketaren alde lanean jarraituko dugu, behin betiko bakea eta benetako demokrazia ekarriko duen eszenatoki baten alde, pertsona guztientzat eskubide guztiak bete daitezen" esanez amaitzen da lau alderdiek sinatutako oharra.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea