X-eleccionesmunicipalesforales-X -

Bilduren zerrendak, baliogabe

Urizar: 'Hauteskundeetan izateko itxaropen handirik ez dugu'

Hala ere, "Auzitegi Konstituzionalak Gorenaren epai bat atzera botatzen duen lehen aldia ez litzateke izango", gogorarazi du EAko idazkari nagusiak. "Ostegunera arte itxaron beharko da", erantsi du.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Auzitegi Gorenaren erabakiaren berri jaso ostean, Bildu Auzitegi Konstituzionalean aurkeztu beharreko helegitean lanean ari dela adierazi du Peio Urizar Eusko Alkartasunako idazkari nagusiak. Errekurtsoa aurkeztu eta gero Konstituzionalak erabaki beharko du. Zentzu horretan, "ostegun gauera arte itxaron beharko da, baina ez dut itxaropen gehiegi", esan du Bilduko ordezkariak.

"Auzitegi Konstituzionalak Gorenaren epai bat atzera botatzen duen lehen aldia ez litzateke izango", gogorarazi du Urizarrek Euskadi Irratiko ''Mezularia'' irratsaioan egindako elkarrizketan. Hala ere, "Madrileko epaitegietan konfiantza handirik ez" dutela erantsi du Bilduko ordezkariak.

Auzitegi Konstituzionalak ateak itxiz gero, irekita geratzen den bide bakarra Europara jotzea izango litzatekeela adierazi du Urizarrek. Agintariaren ahotan, "Europa mailan beste ikuspuntu batetik ikusiko lukete". Gorenaren epaia "erabaki politikoa" izan dela errepikatu du EAko idazkari nagusiak.

Konstituzionalak Bildu legez kanpo utziko balu, "lehenengoko aldia izango litzakete, indarkeriaren argudioa aprobetxatuz, baina indarkeriarik gabe eta biolentziaren aurka aurkezten diren hautagaiak hauteskundeetara aurkezteko eskubiderik gabe geratzea", esan du Urizarrek. "Oso seinale txarra demokraziarentzako, Euskal Herriak eskatzen duen normalizaziorako eta Europan ulergaitza izango litzateke", ohartarazi du.

Gorenaren erabakia ezagutu eta gero EBrekin eta Aralarrekin harremanetan izan direla baieztatu du Bilduko ordezkariak, "irakurketa berbera egiten duelako". Bestalde, "EAJri, Lehendakaritzari eta PSEri eskakizunak luzatu dizkiegu, baina erantzunaren zain gaude", gaineratu du. "Erantzun bateratua" izan behar dela azaldu du Urizarrek, baina "horretarako borondaterik dagoen ikusi beharko da".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea