X-eleccionesmunicipalesforales-X -

Maiatzeko hauteskundeak

Gorenak baliogabetu egin ditu Bilduren zerrenda guztiak

16 magistratuetatik 9k legez kanpo uztearen aldeko botoa eman dute, 6k legeztatzearen alde eta batek zerrenda batzuk onartzearen alde egin du. Bestalde, 10 hautesle zerrendari oniritzia eman diete.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Auzitegi Gorenak Bilduren 254 zerrendak legez kanpo uztea erabaki du. Ia Estatuko Fiskaltzak eta Abokatutzak aurkeztutako errekurtsoak eta Bilduk berak idatzitako helegiteak ia 14 ordutan aztertu dituzte. Bozketan, 9 magistratu, koalizioaren zerrendak legez kanpo uztearen alde agertu dira, 6 kontra eta batek zerrenda batzuk onartzearen alde egin du.

Sorturen izen-ematea debekatu zuten bederatzi magistratuek (aldaketa bakarra, Xavier O''Callaghan Jesus Corbalen ordez izan dela) euren gehiengoaz baliatu dira, berriro ere.

O''Callaghanez gain, debekuaren alde bozkatu dute Carlos Divar Goreneko presidenteak eta Juan Saavedra, Ángel Calderón, Aurelio Desdentado, Ricardo Enríquez, Carlos Granados, Carlos Lesmes eta Francisco Javier de Mendoza magistratuek.

Horien aurrean, Juan Antonio Xiol, Gonzalo Moliner, Jose Luis Calvo Cabello, Alberto Jorge Barreiro, Rafael Gimeno-Bayón eta Manuel Ramón Alarcon Bildu hauteskundeetan egotearen alde agertu dira, Sorturen kasuan egin bezala.

Gutxiengo horretatik Jose Manuel Sieira atera da, baina ez gehiengoaren alde egiteko, hirugarren aukeraren alde egiteko baizik. Auzitegiko Iturrien arabera, Sieira Bilduren zerrenda batzuk onartzearen alde agertu den bakarra da, hau da, 254 hautagaitzetatik batzuk debekatzearen alde eta beste batzuk legeztatzearen alde egin du.

EAk eta Alternatibak ondorioak pairatuko dituzte

Auzitegi Gorenaren 61. Aretoak dio Bildu Batasunaren "ilegalizazioa saihestu" eta ETA erakundeetara itzultzeko "bide" bihurtu dela eta ondorioz, EAk eta Alternatibak "okerreko" estrategia horren "ondorioak bere gain" hartu beharko dituztela.

Auzitegi Gorenaren ebazpenean agertzen denez, Bilduren zerrendak baliogabetzea ez da neurri egokia eta proportzionala bakarrik, "hartu beharrekoa" baizik.

Auzitegiak aitortu du baliogabetzeak legezko bi alderdiri eragiten diela, baina hauteskundeetan Batasunarekin batera parte hartzea erabaki dutela "nahiz eta badakiten legez kanpoko alderdia dela". "Erabaki horren ondorioak jasan beharko dituzte, estrategia horrek ez baitu lekurik Zuzenbidean", ebatzi du Gorenak.

Gorenaren arabera, Bildu koalizioak Batasunak, EAk eta Alternatibak lotutako akordio bati erantzuten dio eta helburua ETA-Batasuna erakundeetara itzultzea da.

Ondorio horretara iristeko, Gorena "ETA-Batasuna"ren ibilbidean oinarritu da, legez kanporatu zutenetik "iruzurra" egin nahi izan duelako hauteskundeetan egon ahal izateko. Estrategia horren baitan kokatu dute Bildu, legezko alderdi politikoen babesean ezker abertzaleak presentzia izatea bilatu duelakoan.

Betoa konstituzioaren kontrakoa da

Bilduren zerrendak baliogabetzearen kontra agertu diren sei epaileek, berriz, ebazpena "lege aldetik eta konstituzionalki defendaezina" dela salatu dute boto partikularrean.

Horixe azaldu dute Manuel Alarcon, Juan Antonio Xiol, Gonzalo Moliner, Jose Luis Calvo Cabello, Alberto Jorge Barreiro eta Rafael Gimeno-Bayon epaileek sinatutako botoan eta gogor kritikatu dituzte Fiskaltzaren eta Gobernuaren salaketak eta Poliziaren eta Guardia Zibilaren txostenak.

Ebazpenaren kontra agertu ziren epaile horiek izan ziren hain justu Sorturen legalizazioaren alde agertu zirenak. Oraingoan, hauteskundeetan parte hartzeko eskubidea kendu zaiela salatu dute, "ibilbide demokratiko luzea eta ETAren kontrako jarrera izan duten bi alderdiri, Eusko Alkartasunari eta Alternatibari".

Epaile horien ustez, Gorenaren erabakia "defendaezina da konstituzionalki eta legalki, are gehiago EAk koalizioa egiteko ezker abertzaleak indarkeria eta terrorismoa errefusatu behar duela jarri baitzion baldintza gisa".

EAri, eta ez ETAri, aitortzen diote "polo soberanista" sortzeko ideia, eta gogora ekarri dute Rafa Larreina EAko kideak 2003an Arnaldo Otegi Batasunako buruzagiari eskaini ziola zerrendak partekatzea indarkeria baztertuz gero.

Hori horrela, magistratuek ukatu egin dute Gobernuaren eta Fiskaltzaren salaketa, hau da, ETAk "Bildu sortu arteko prozesu guztia burutu duela" eta "ezker abertzaleaz gain, EAk eta Alternatibak ere men egin diotela".

Teoria hori "data eta egile desberdinek egindako (batzuetan ez da datarik eta egilerik agertu ere egiten) eta jatorri desberdinetako" txostenetan oinarritutakoa dela diote eta "aurretiaz erabakitako hipotesi batzuk frogatzeko egindako interpretazioa" egiten dela bertan.

Ebazpenaren kontra agertu diren epaileek azpimarratu dute Fiskaltzak berak onartu duela Bilduren hautagaitzak "garbi-garbiak" direla eta "konstituzionalaren dotrina" oinarri hartuta, "alderdi baten ilegalizazioak kideen partehartze politikorako eskubidea ez duela debekatzen" gogorarazi dute.

EAko eta Alternatibako kiderik gabeko zerrendak baliogabetzea

Jose Manuel Sieira epaileak boto partikularra idatzi du ebazpenaren kontra eta EAko eta Alternatibako kiderik gabeko zerrendak soilik baliogabetzearen alde agertu da.

Epaile horren arabera, ez da nahikoa frogatuta geratu EAk eta Alternatibak ETA-Batasunaren iruzur sarean parte hartzeko asmoa dutela. Fiskaltzak eta Estatuaren abokatuak aurkeztu zituzten Poliziaren eta Guardia Zibilaren txostenak "ez dira nahikoa" ebazpena frogatzeko, Sieiraren arabera.

Sieiraren esanetan, "kontraesankorra" da Sortu ETAren A plana, Bildu B plana eta hauteskunde plataformak C plana direla esatea, izan ere, lehenengo biek ezingo dute hauteskundeetan parte hartu, baina hirugarreneko batzuk bai.

Hautesle zerrendak

Auzitegi Gorenak onartu egin ditu Estatuaren abokatuak eta Fiskaltzak inpugnatutako 21 hautesle zerrendetako 10, beraz, maiatzaren 22ko hauteskundeetan parte hartu ahal izango dute.

Guztira, Gorenak hamaika hautagaitza ilegalizatu ditu, hamar Nafarroan eta bat Araban. Onartuak, berriz, bat Bizkaian eta gainerako bederatziak Nafarroan.

Iragan astean Ministerio Publikoak eta Estatuaren zerbitzu juridikoek 19 hautesle zerrenda inpugnatu bazituzten ere, azkenean beste bi zerrenda aztertu zituen Gorenak.

Hori horrela, hauteskundeetan parte hartu ahal izango du Alkarlanien plataformak Ubide herrian, nahiz eta Joxan Pagola Kortajarena ANVren egungo alkatea izan zerrendaburu.

Oltzako Herria plataformari ere utzi diote hauteskundeetan parte hartzen Oltza Zendean. Pedro Mari Azparren da zerrendaburua eta zerrendako beste hiru kideren moduan, Euskal Herritarroken hautagai izan zen 1999an. Lakarren ere plataforma onartu egin dute eta atzera bota dute inpugnazioa.

Gorenak erabilitako irizpidea beste zazpi hautesle zerrendatan ere erabili dute: Basaburuan, Ezkabarten, Galluesen, Ollon, Metautenen, Iguskizan, Etxalarren eta Muskitzen.

Lakuntzan, Arbizun eta Faltzesen, berriz, kontrakoa gertatu da, eta zerrendak legez kanporatu dituzte. Gainera, Lakuntzan eta Imotzen hautesle zerrenda horiek izan dira aurkeztu diren bakarrak, beraz, atzera botata, hautagairik gabe geratu dira hauteskundeetan.

Orain, Konstituzionalera

Bilduren zerrenda guztiak legez kanpo uztea erabakita, EAk, Alternatibak eta independenteek osatutako koalizioaren hurrengo pausoa Auzitegi Konstituzionalean helegitea aurkeztea da. Horretarako 48 orduko epea du. Hori egin ondoren, Konstituzionalak maiatzaren 5eko gauerdia baino lehen hartuko beharko du bere erabakia.

Hurrengo pausoa, Giza Eskubideen Europako Auzitegira jotzea da, Strasbourgen.

Hala ere, Hauteskunde-araubide Orokorraren Lege Organikoaren (Loreg) azken aldaketak bide berri bat zabaldu du: Estatuko Fiskaltzak eta Abokatutzak Bilduren zerrenden aurka egin dezake hauteskunde kanpainan.

Legearen aldaketa horren aurretik, Konstituzionalak kanpaina hasi baino lehen hartu behar zuen erabakia. Orain, aldiz, legez kanpo egoteko susmoa sortzen duten alderdien zein koalizioen aurka egiteko aukera izango dute maiatzaren 12a arte; hau da, hauteskunde kanpainia hasita.

Bilduren zerrenden kontra egitea berriro erabakiko balute, Gorenak maiatzaren 15a arteko epea izango luke erabakitzeko. Konstituzionalak, bestalde, maiatzaren 20aren gauerdira arteko epea izango luke behin betiko erabakia hartzeko, hau da, hausnarketa-egunaren atarian eta hauteskundeen hasierarako bi egunera.

Bederatzigarren debekua

Sorturi Alderdi Politikoen Erregistroan izena ematea galarazi ondoren, hauteskunde batzuetara aurkeztea galarazten dioten bederatzigarren talde abertzalea da Bildu.

Azken aurrekaria Sorturena da. Gorenaren 61. Salak alderdi politikoen zerrendan izena ematea debekatu zion ETA eta Batasuna erakundeetara bueltatzeko "iruzur saioa" zela ulertu zutelako. Sortu ezker abertzalearen "tresna" zela ondorioztatu zuten.

Ia 14 orduko eztabaida

Eguna luzea izan da 16 magistratuentzat. Goreneko iturriek zabaldutakoaren arabera, 19:00etan oraindik Auzitegiko magistratuek ez zuten bozketa bat ere egin. 61. Salan, aurkeztutako errekurtsoak eta helegiteak aztertzen jarraitzen zuten.

Kanpoaldean, erabakiaren inguruko ikusminak gora egin du orduak igaro ahala, batez ere albistea jarraitzen ari ziren hedabideen artean. Arratsalde aldera, 61. Salako bileran tentsioa nagusi zela zabaldu da.

Magistratuek atseden bakarra egin dute, bazkaltzeko, baina Auzitegitik atera gabe. 14:45ak aldera catering bat eraman diete eta 16:00etan berriro bildu dira.

Goreneko magistratuek hiru aukera aztertu dituzte: Bilduren 254 zerrendei eta 19 independenteei ''baiezkoa'' ematea; guztiei ''ezezkoa'' ematea eta erdibideko aukeraren alde egitea, hau da, zerrenda batzuei, ''garbiak'' direnei, hauteskundeetan izateko baimena ematea. Azkenean, Bilduren zerrenda guztiak legez kanpo uztea erabaki dute; 19 independenteetako batzuk, aldiz, onartu egin dituzte.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea