X-eleccionesmunicipalesforales-X -

Bilbon

Bildu: 'Ez du zentzurik ETAren estrategia garela esateak'

Bildu legez kanpo uzteko arrazoiak "politikoak eta demokraziaren aurkakoak" direla salatu eta hauteskundeetan izateko "beharrezko instantzia guztietara" joko dutela iragarri dute.

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Udal eta foru hauteskundeetan egon egongo da, "inolako zalantzarik gabe", Bilduren esanetan, eta "erabat zentzugabea" da, horren arabera, "ETAren indarkeria argi eta garbi baztertzen duen koalizio bat", Bildu, "ETAk berak asmatutako estrategia bati erantzuten diola esatea".

Gaur Bilduk prentsaurrekoa eman du Bilbon, Pello Urizar EAko idazkari nagusia, Oskar Matute Alternatibako bozeramailea eta Aitziber Ibaibarraga Bilboko Udalerako hautagai independentea, besteak beste, bertan zirela, Bilduren hautagai-zerrenden aurka egiteko "legezko arrazoirik eta arrazoi judizialik" ez dagoela azpimarratzeko.

Horien esanetan, "arrazoi politikoak eta erabat antidemokratikoak bakarrik daude horretarako".

Bilduren arduradunen ustez, Abokatutzak eta Fiskaltzak koalizioaren aurka egindako salaketa "aberrazio juridikoa, politikoa eta demokratikoa da" eta "PSOEk PPren presioen aurrean duen ahuleziaren isla".

"Gu kanpoan uzteko, legea hausteko prest daude"

Legez kanpo utziz gero, "beharrezko instantzia guztietara" jo eta "baliabide demokratiko guztiak erabiliz" lanak emango dituztela iragarri du Oskar Matutek. "Badakigu arrazoia dugula, legea bete baitugu", baina "gu kanpoan uzteko, legea hausteko prest dagoenik ere badago", salatu du.

Alternatibako bozeramailearen arabera, "erantzukizunak eskatuko ditugu behar den lekuan", koalizioa ETArekin lotuta "iraindu" egin dituztelako.

Beste euskal alderdi batzuekin izandako harremanen harian, "etorkizunean ekintza bateratuak bultzatzea" aztertu dute, "baina oraindik ezin daiteke ezer aurreratu", esan du Matutek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea