Udal eta Foru Hauteskundeak -
Iruñea
Asiron alkateak astelehenean izendatuko ditu auzoetako zinegotziak
Estreinakoz, auzoetako zinegotziak izango dituzte Erripagañan, Beloson eta Bidezarren. Guztira, auzoetako 13 zinegotzi izango dira Iruñean.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Joseba Asiron Iruñeko alkateak datorren astelehenean izendatuko ditu auzoetako zinegotziak, eta kargu horiek EH Bilduren, Geroa Bairen, Aranzadiren eta Izquierda-Ezkerraren artean banatuko dira.
Estreinakoz, auzoetako zinegotziak izango dituzte Erripagañan, Beloson eta Bidezarren, Iruñeko Udalak ohar bidez jakinarazi duenez. Ondorioz, guztira auzoetako 13 zinegotzi izango dira.
EH Bilduk lau kargudun izango ditu, hurrenez hurren, Patricia Perales (Arrotxapea), Joxe Abaurrea (Txantrea), Aritz Romeo (San Jorge), eta Maifer Beloki (Erripagaña, Beloso eta Bidezar).
Geroa Baik, berriz, bost ordezkari izango ditu: Itziar Gomez (Bigarren zabalgunea), Iñaki Cabases (Iturrama), Esther Cremaes (Donibane, Mendebaldea eta Ermitagaña), Javier Leoz (Lezkairu eta Andre Maria Erregina) eta Mikel Armendari (Buztintxuri).
Aranzadik izango du Alde Zaharreko (Ana Lizoain), Medillorriko (Laura Berro) eta Etxabakoitz (Armando Cuenca) auzoetako ardura eta, azkenik, Izquierda-Ezkerrako Edurne Eguinok, ostera, Milagrosa, Arrosadia eta Azpilagañakoa.
Kargudun horien betebeharra auzo horietako herritarrei, kolektiboei eta elkarteei arreta eskaintzea da, batez ere, beren eskari eta proposamenak bideratzeko.