Udal eta Foru Hauteskundeak -
Akordio programatikoa
Nafarroako Gobernu berriak zerga-erreforma bat onartuko du aurten
Besteak beste, osasun sistema publikoan abortuak bermatzea eta euskaraz ikasi nahi duten ikasle guztiek hala egin ahal izatea adostu dute lau indar politikoek.
Agentziak | Erredakzioa
Besteak beste, 2016an indarrean sartzeko zerga-erreforma bat aurten egitea eta onartzea, osasun sistema publikoan abortuak bermatzea, Ikurren Legea baliogabe uztea eta euskaraz ikasi nahi duten ikasle guztiek hala egin ahal izatea dira Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Duguk eta Ezkerrak akordio programatikoan hartutako konpromisoak.
Exekutibo berriak “giza eskubideen urraketa eta indarkeria ekintza guztiak, salbuespenik gabe, gaitzetsiko” dituela adostu dute lau indar politikoek 74 orrialdeko akordioan, “indarkeria ETArena, eskuin muturreko taldeena zein Estatuko funtzionarioena izan”.
Era berean, Nafarroako Exekutiboak “giza eskubideen urraketak ez errepikatzeko prozesu guztiei babesa emango die, eta ETAren egiturak baldintza politikorik gabe modu antolatuan eta seguruan behin betiko desegitea eta armagabetzea eskatuko du, eta baita errugabetasun esparru eta neurri guztiak desagertzea ere”.
Zerga-erreformari dagokionez, lau indar politikoek aurten onartu nahi dute, “diru-bilketa hobetzeko” helburuarekin. Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren “progresibotasuna hobetuko dute eskala orokorrean, azken tarteko gutxieneko tasa % 50era igoz”.
Autogobernua eta EAErekin harremana
Autogobernuari dagokionez, “I+G+B, trafiko eta Espetxe Zuzendaritzaren eskumenak bereganatzeko” lan egingo du Gobernu berriak, eta baita “Europan eta nazioarteko harremanetan ahots propioa izateko ere”.
“Erkidego mugakideekin harreman ona” izateko konpromisoa hartu du Exekutibo berriak. Horren harian, “Euskal Autonomia Erkidegoarekin harremanak bultzatzeko eta normalizatzeko” helburua du Nafarroako Gobernu berriak.
Gainera, “Nafarroako estatus politikoa zehazteko Foru Hobekuntzaren Legea erreformatzeko prozesu bat” martxan jarriko du Exekutiboak. “Eskumen berriak eta eskubideen aintzatespenean aurrera egin” nahi dute alderdiek. Erreforma “herritarrek berretsi beharko dute referendumean”, zehaztu dutenez.
Nafarroako Kutxa
Bestalde, Nafarroako Kutxaren auzia argitzeko, ikerketa batzorde berri bat osatuko dute, eta Foru Gobernuko presidentearen eta kontseilarien agintaldiak mugatuko dituzte (gehienez ere, bi agintaldi egin ahal izateko).
Gizarte politikei dagokienez, Administrazioa eskaintzen ari den zerbitzurik ez pribatizatzeko konpromisoa hartu dute lau alderdiek, eta “posible den kasuetan, kudeaketa publikoa berreskuratzeko” konpromisoa hartu dute.
Azkenik, Akordio Programatikoaren Jarraipen Batzordea osatzea adostu dute Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Duguk eta Ezkerrak. Alderdi bakoitzeko lau ordezkarik parte hartuko dute bertan, eta gutxienez hiru hilabeterik behin bilduko dira. Hala ere, sinatzaileetako batek eskatzen baldin badu, hiru egunen buruan bilduko dira.