Udal eta Foru Hauteskundeak -
Ahaldun nagusia
Bizkaiak 'gobernu sendo bat' izango duela azpimarratu du Rementeriak
Bizkaiko ahaldun nagusi berriak batzarkide jeltzaleen eta PSE-EEren babesa izan du. EH Bilduk, aldiz, Josu Unanue bere ahaldungaiari botoa eman dio. PPk eta Ahal Duguk boto zuria eman dute.
Agentziak | Erredakzioa
Lurraldeak “gobernu sendo eta egonkor bat” izango duela goraipatu du Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusi berriak. EAJren eta PSEren “indarrak batuz emaitzak biderkatuko” dituztela erantsi du. Era berean, nahiz eta “gobernuari zenbakiak eman, hitz egiteko eta adosteko bokazioa” duela esan du.
Rementeriak batzarkide jeltzaleen eta PSE-EEren babesa jaso du inbestidura saioan, Bizkaiko Batzar Nagusietan.
Inbestidura saioa Gernikako Batzar-etxean egin dute gaur. EH Bilduko batzarkideek Josu Unanue euren ahaldungaia babestu dute. Bien bitartean, PPk eta Ahal Duguk boto zuria eman dute.
Gernikako Batzar-etxearen marketeria mahairen gainean zegoen hautestontzi batean bozkatu dute batzarkideek. Ana Otadui Batzar Nagusietako presidenteak bi “mazolari” izan ditu alboan, haritza mitikoaren ezkutuarekin.
Ganberaren babesa jaso ondoren, 41 urteko Mundakako alkate ohia demokraziaren Bizkaiko bosgarren ahaldun nagusia izendatu dute.
Javier Ruiz Egaña PPko bozeramaileak boto zuria justifikatu du hitza hartu duenean. Bi ahaldungaiekin “desadostasun garrantzitsuak” dituztela goraipatu du Ruizek.
Bestalde, “politika sozialean EH Bildurekin adostasunak” dituela nabarmendu du Neskuntz Rodriguez Ormazabal Ahal Duguko bozeramaileak, baina beste gai batzuetan “desadostasunak” nagusi direla erantsi du.
Gernikako zuhaitz mitikoaren azpian
Bozketa ondoren eta kargua ofizialki hartzeko, ahaldun nagusi berriak kargua zin egin du tribunatik, Gernikako zuhaitz mitikoaren azpian.
Batzar Nagusietako saioa 09:00etan hasi da eta arratsaldera arte luzatu da.
Rementeriak eta Unanuek hitza bi aldiz hartu dute inbestidura saioan, hurrenenez hurren. Talde guztietako (EAJ, PSE-EE, PP, EH Bildu eta Ahal Dugu) bozeramaileek ere bi aukera izan dituzte azalpenak emateko.