Udal eta Foru Hauteskundeak -

Koalizio gobernua

EAJk eta PSEk aurreakordioa lotu dute Gipuzkoako Aldundirako

Zazpi eremutan jarriko dute arreta berezia, programaren inguruko aurreakordioaren arabera.

Gipuzkoan, gobernu eraginkorra izango dutela uste dute EAJk eta PSEk

1:19

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAJk eta PSE-EEk koalizioan aginduko dute Gipuzkoako Aldundian "aurreakordio programatikoa" itxi ondoren. Hala, Markel Olano jeltzalea izendatuko dute ahaldun nagusi datorren astearteko inbestidura ekitaldian.

Bi alderdiek kaleratu duten prentsa-agiri batean azaldu dutenez, akordioak zazpi ardatz izango ditu: finantza eta zerga politika; hondakinen kudeaketa; politika soziala; ekonomiaren suspertzea eta enplegua; mugikortasuneko azpiegiturak; gobernu ona; eta kultura eta euskara.

Jeltzaleak eta sozialistak gustura agertu dira "aurreakordio programatikoa" dela eta, "Gipuzkoari behar duen egonkortasuna eta bultzada" emango diolakoan.

Akordioa hilaren 24an, asteazkenean, aurkeztuko dute EAJk eta PSE-EEk, Gipuzkoako ahaldun nagusiaren inbestidura ekitaldiaren biharamunean.

EH Bilduk kargu horretarako Xabier Olano aurkeztuko badu ere, EAJren eta PSE-EEren arteko batasunak gehiengo osoa ematen die; izan ere, EAJk 18 batzarkide ditu; EH Bilduk, 17; PSE-EEk, 9; Ahal Duguk, 6; eta PPk, 1.

Egibar: 'Lurraldea desblokeatu, eta aurrera egin'

Joseba Egibar EAJren GBBko presidenteak adierazi duenez, Gipuzkoan EAJrekin lotutako aurreakordioak "lurraldea desblokeatuko eta aurrera egiten ahalbidetuko du". Halaber, "beren helburuak gizartearen helburuarekin nahastu izana" leporatu dio EH Bilduri.

Larunbat honetan Radio Euskadiri eskainitako adierazpenetan Iker Casanova EH Bilduren legebiltzarkideak aitortu duenez, koalizio subiranoak "boto-konfiantza izandakoa, txeke zuritzat hartu zuen", azken lau urtetan EH Bilduk Gipuzkoan izandako legegintzaldiari aipamena eginda. Hala ere, Casanovak lurraldearen datu sozioekonomiko onak defendatu ditu.

Ostiral honetan EAJk eta PSE-EEk lotutako itunaren harira, Egibarrek aitortu duenez, "erraza da alderdi guztien egitarauen eta ibilbidea aztertzea, ondorio batzuetara heltzeko". "Akordioak lotzen direnean", esan du jeltzaleak, "horiek sendoak izan behar dira, bakoitzaren usteekiko koherenteak izateaz gain, arazoak konpontzeko eta aurrera egiteko balio behar dutelako".

"Hainbat auzitan aurreakordioa hitzartu dugu, hala nola, politika fiskalean eta finantzarioan, hondakinen kudeaketa, politika soziala, sustapen ekonomikoa eta enplegua", gaineratu du, "garatu beharreko akordio pragmatikoa hitzartu dugu".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
EAJ-PNV Gipuzkoa Euskal sozialistak