Udal eta Foru Hauteskundeak -
Gobernu itunak
Uxue Barkos: 'Presak ez ditu negoziazioak azkartu behar'
Dena den, Geroa Bairen Nafarroako presidentegaiak azpimarratu du nafarrak aldaketaren zain daudela eta lehenbailehen nahi dutela.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Uxue Barkos Geroa Bairen Nafarroako presidentegaiak adierazi du "alderdi politikoen presak" ez dituela Nafarroako Foru Gobernu berria osatzeko negoziazioak azkartu behar, baina azpimarratu du nafarrak aldaketaren zain daudela eta lehenbailehen nahi dutela.
Nafarroako Parlamentuko Mahaiaren eta Bozeramaile Batzordearen lehen bileraren ondoren egindako prentsaurrekoan egin ditu adierazpen horiek Uxue Barkosek, Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Duguk eta Izquierda-Ezkerrak Nafarroako Foru Gobernua osatzeko negoziazioak egiten ari diren bitartean.
Negoziazio horietan sektore batzordeen gaia jorratzen ari dira orain, eta Adolfo Araiz EH Bilduko Nafarroako bozeramaileak iradoki du litekeena dela inbestidura saioa uztaileko lehen astean izatea. Dena den, ez da iritzi berekoa Laura Perez Nafarroako Ahal Duguko bozeramailea, ez baitu uste ordurako akordioa lortuko dutenik. Bestalde, Uxue Barkosek nabarmendu du batzuetan ez dela kontuan hartzen politikariak herritarren eskariei erantzuteko daudela, eta gaineratu du gizarteak lehenbailehen nahi duela aldaketa.
Horren harian, Barkosek adierazi du kezka eragiten diola presak negoziazioetan eragina izateak eta baita aldaketa egonkorra eskatzen duen gizartearen beharrei eta premiei erantzuteko modurik egokiena bilatzeak.
Sektore batzordeez galdetuta, zehaztu du asteak daramatzatela horretan lanean, eta "gizartearen errealitatearekin eta adituekin oso harremanetan dauden programak" dituztela abiapuntu.
Bestalde, Adolfo Araizek aipatu du "lan gogorra" dutela aurretik balizko desadostasunak gainditzeko eta sintesi dokumentu bat osatzeko. Gobernu berriko kide izateko aukeraz, berriz, Araizek adierazi du ez duela horretarako interes pertsonal berezirik, eta EH Bilduren aginduetara dagoela.
Laura Perez Nafarroako Ahal Duguko bozeramaileak azpimarratu du "garrantzi handiko gaiak" jorratzen ari direla mahai sektorialetan, eta, horregatik, gaikako banaketa egitearen alde agertu da, arlo bakoitzari (hezkuntzari eta osasunari, besteak beste) behar duen denbora eskaintzeko. "Ikusiko dugu noraino heltzeko gai garen", esan du Perezek. Epetan "zenbagarriak" diren akordio zehatzak lortzeko "moduak" aldatu beharko dituztela gaineratu du.