Udal eta Foru Hauteskundeak -
Ituna
Cifuentesek Presidentetza lortu du Madrilen, Ciudadanosen babesarekin
“Azkenean, ituna hitzartu dugu”, esan du PPko presidentegaiak, Ignacio Aguado Ciudadanoseko bozeramailearekin batera egin duen agerraldian.
Agentziak | Erredakzioa
Cristina Cifuentes PPko hautagaia izango da Madrilgo Autonomia Erkidegoko presidentea, inbestidurarako ituna hitzartu baitu Ciudadanosekin. Alderdi horrek Madrilgo Autonomia Erkidegoko ganberan dituen 17 botoek kargua bermatuko diote Cifuentesi.
“Azkenean, ituna hitzartu dugu”, adierazi du Cifuentesek, Ignacio Aguado Ciudadanoseko bozeramailearekin batera egin duen agerraldian. Aguadok eta PPko zerrendaburuak ostiralean sinatuko dute akordioa.
17 egun eman dituzte negoziatzen, eta azkenean adosteko falta zituzten programako 30 puntuetan ere ados jartzea lortu dute PPk eta Ciudadanosek. Guztira, 82 puntu ditu itunak. Ustelkeriaren aurkako neurriak, zergak, hezkuntza, osasuna eta komunikabide publikoen inguruko puntuak aurreakordio batean adostu dituzte jada.
Ciudadanosen babesarekin (17 diputatu), PPk (48) PSOEk (37) eta Podemosek (27) baino boto gehiago lortuko ditu, maiatzaren 24ko hauteskundeetan bigarren eta hirugarren geratu ziren indarrek bat eginda ere, Ciudadanosek eta PPk babestuko duten hautagaiak boto gehiago lortuko baititu.
Besteak beste, forupeko politikariak eta Aholkularitza Batzordea ezabatzeko konpromisoa hartu du PPk, eta baita barne-hauteskundeak egitekoa ere.