Udal eta Foru Hauteskundeak -
Nafarroa
Ainhoa Aznarez (Ahal Dugu) izendatu dute Parlamentuko presidente
Nafarroako Parlamentuak hasiera eman dio IX. legegintzaldiari. Uxue Barkosen inbestidura saioa uztaileko lehen egunetan izan liteke.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Ainhoa Aznarez Ahal Duguko parlamentaria izendatu dute gaur Nafarroako Parlamentuko presidente, bere alderdiak, Geroa Baik, EH Bilduk eta Izquierda-Ezkerrak alde bozkatuta. UPNk, PSNk eta PPk boto zuria eman dute.
Alderdi ezkertiarrek atzo adostu zuten Ganberako presidentea Ahal Dugukoa izatea, Nafarroan aldaketa politikoa egiteko negoziazioen baitan.
Bozketaren ostean, Parlamentuko Mahaiko gainerako kideak aukeratu dituzte. Adostutakoaren arabera, Unai Hualde (Geroa Bai) izango da lehen presidenteordea, eta Maiorga Ramirez (EH Bildu) lehen idazkaria. Mahaiko beste bi tokiak UPNrentzat izan dira. Bigarren presidenteordetzan Alberto Catalan izango da eta bigarren idazkaritzan, berriz, Oscar Arizcuren. PSN, PP eta Izquierda-Ezkerra Mahaitik kanpo geratu dira.
“Gaur eta hemen eman diogu hasiera Nafarroa berriari’
“Ilusioz eta erantzukizunez” ekingo dio Aznarezek agintaldiari, Parlamentuak aditzera eman duenez. “Herritarrentzat egingo dugu lan, gaur eta hemen eman baitiogu hasiera Nafarroa berriari”.
“Pozik” hartu du Aznarazek kargua, “hautestontzietan islatutako aniztasunak definitutako ibilbideari” hasiera emateagatik.
“Herritarrek mezu garbia igorri digute; egungo beharretara egokitu behar garela, eta euren beharrak aintzat hartu behar ditugula”, erantsi du.
Azken urteetan lan, hezkuntza, osasun eta berdintasunari lotutako oinarrizko eskubideak “murriztu” egin direla nabarmendu du Nafarroako Parlamentuko presidenteak.
“Gai asko ditugu mahai gainean, eta pixkanaka, energiaz eta ilusioz, erantzun bat eman beharko diegu: langabezia, prekarietatea, osasun arloko murrizketak, hezkuntza ...”
'Aldaketarako lehen pausoa'
Uxue Barkos Geroa Bairen hautagaiak esan du Nafarroaren aldaketarako "lehenengo pausoa" eman dutela Parlamentuaren osaketarekin. "Presidente berriari zorterik hadiena opa diot", erantsi du.
Adolfo Araiz EH Bilduko ordezkariak adierazi du Parlamentuaren osaketarekin "aldaketa errealitate bihurtzeko lehenengo harria" jarri dutela.
Javier Esparza UPNko ordezkariak bere “harridura” adierazi du, “azken hilabeteetan egindako adierazpenen ondoren”, Ahal Duguk presidentetza hartu izanagatik. “Ez zuten kasta izan nahi, baina bat egin dute erakundeetan ordezkaritza izateko banaketarekin”.
Hasiera eman diote XI. Legealdiari
Goizeko 11:00etan eman diote hasiera Parlamentuaren osaketari, Nafarroako himnoarekin. Bi orduko ekitaldia izan da, IX. Legealdiari hasiera emateko.
Besteak beste, Yolanda Barcina Nafarroako presidentea, Joseba Asiron Iruñeko alkatea eta Alfonso Sanchez-Tabernero Nafarroako Unibertsitateko errektorea izan dira.
Horrez gain, UGT, CCOO eta LAB sindikatuetako ordezkariak ere Parlamentuan izan dira gaur goizean.