Udal eta Foru Hauteskundeak -
Andoain
Andoainen boto zuria eman zuen EAJko zinegotzia, kargua uzteko prest
Gregorio Olasagasti EAJko zinegotzi independenteak alderdiaren esku utzi du kargua. Zuriz bozkatu zuen, eta horrek EH Bilduri eman zion Alkatetza.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Gregorio Olasagasti Andoainen (Gipuzkoa) ustez boto zuria eman zuen zinegotzi jeltzaleak alderdiaren esku utzi du kargua, EAJko iturriak aipatuta informazio agentziek jakinarazi dutenez.
EAJk eta PSE-EEk ituna zuten arren, Andoaingo zinegotzi jeltzale batek boto zuria eman zuen alkatea aukeratzeko bozketan, eta, ondorioz, EH Bilduk bereganatu zuen Alkatetza, alderdi sozialistak egin beharrean. Botoa sekretua bada ere, boto zuria Gregorio Olasagasti independenteak eman zuela zehaztu du EAJk.
Gaur, Olasagastik EAJren udal taldearen esku utzi du karguan jarraitu behar duen edo ez erabakitzea. Baliteke asteazkenean batzartzea taldea.
EAJk Olasagasti kargugabetzea erabakiko balu, zerrenda jeltzalearen hurrengoak hartuko luke horren lekukoa.
Fiskaltzaren ikerketa
EAEko Fiskaltza Nagusiak ikerketa abiatu du, zinegotzi horren jokabidean "prebarikazioa edo mehatxuak" izan ote diren argitzeko.
Horren ildotik, Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusia "harrituta" agertu da Fiskaltzaren erabakiarekin.
"Errespetatu egiten ditut erabaki judizialak eta Fiskaltzarenak, baina harritu egiten nau [hedabideetan] irakurritakoak", adierazi du, Bilbon eskainitako prentsaurrekoan.
Olasagasti EAko eta Hamaikabateko militantea izan da, eta 1999-2003 legegintzaldian zinegotzi izan zen Andoainen, EAJ-EA koalizioarekin.