Udal eta Foru Hauteskundeak -
Gasteizko gobernua
Gasteizek 'gobernu egonkorra' edukitzearen alde egingo du PSEk
Lopez de Munain prest da Urtaranen eskaintza onartzeko, baina azken hitza PSEren zuzendaritzak duela azpimarratu du. Arratsaldean bilduko dira, Mendia buru dutela.
Agentziak | Erredakzioa
Peio Lopez de Munain Gasteizko Udalerako PSE-EEk aurkeztutako hautagaitzaren buruak nabarmendu duenez, sozialistek "eginahalak egingo dituzte Gasteizek gobernu egonkorra izan dezan eta jasotako egoera horri buelta emateko aukera egon dadin", Javier Marotok (PP) utzitako giroari erreferentzia eginda.
Larunbateko osoko bilkuran zuri bozkatu zuten arren, gobernuan sartzeko gonbitea egin die beste behin Gorka Urtaran Gasteizko alkateak eta horren kontura egin dituzte adierazpenak Lopez de Munainek.
Eskaintza goizean aztertu dute Arabako zuzendaritzako kideek eta onartzeko prest agertu dira. Dena dela, Lopez de Munainek zehaztu duenez, PSE-EEren zuzendaritzari dagokio "behin betiko erabakia" hartzea. Idoia Mendia buru dutela, arratsaldean bilduko dira buruzagi sozialistak.
"Erantzukizunez jokatuko dugu. Eginahalak egingo ditugu Gasteizek gobernu egonkorra izan dezan eta jasotako egoera horri buelta emateko aukera egon dadin. Gizarte laguntzen edo elkarbizitzaren alorrean Udal honek izan duen jarrera aldatu beharra dago", esan du Peio Lopez de Munainek.
Urtaranek eskaintza berretsi du
Igandean egin zuen bezala, PSE-EEri udal gobernuan sartzeko eskaintza egin dio gaur Gorka Urtaranek. Bozeramaileen bilkura egin ostean adierazpenak egin ditu buruzagi jeltzaleak. Esan duenez, sozialistek udaleko "ateak zabalik" dituzte.
Azaldu duenez, Gasteizko EAJren eta PSEren arteko harremana "ona" da eta, beraz, "baikor" dago sozialistak udal gobernuan sartuko diren aukeraz.
Dena dela, iragarri duenez, datozen egunetan udalean ordezkaritza duten beste indarrekin bilduko da, "egonkortasun" akordioak lortzeko. Urtaranen hitzetan, taldeok egiten dizkioten ekarpenekin "eskuzabaltasunez" jokatuko du.
Javier Maroto alkate ohia Bozeramaileen Batzordearen gaurko batzarrean egon ez dela eta, "errespetua" agertu du Urtaranek.