Udal eta Foru Hauteskundeak -

Udalak

Ortuzar ziur dago aste honetan 'bideratuko' dutela ituna PSErekin

EBBren presidenteak onartu egin du EAJk "huts egin" zuela Andoainen eta neurrigabea iruditu zaio sozialisten erreakzioa, baina ulertzen du "beroaldi batean" hartu zutelako

'PSEren erreakzioa neurrigabea da nire ustez, baina ulertzen dut'

01:21

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Andoni Ortuzar Euzkadi Buru Batzarreko (EBB) presidentea ziur agertu da EAJ eta PSE-EE gauza izango direla aste honetan bi alderdiek egindako ituna "bideratzeko" eta "desadostasun txikiak gainditzeko", erakundeetan egonkortasuna zabaltzeko helburuarekin.

Onda Vasca irratiak egindako elkarrizketa batean, Ortuzarrek onartu egin du EAJk "huts egin" zuela Andoainen, zinegotzi jeltzale batek ituna hautsi zuen boto zuria emanda, Maider Lainez sozialistaren hautagaitza babestu beharrean. Ortuzarren esanetan, zinegotzia "alderdiaren agindua errespetatu ez zuen independentea" da.

Halere, Ortuzarri neurrigabea iruditu zaio sozialistek Gasteizen izan zuten erreakzioa, baina ulertzen du "beroaldi batean" hartu zutelako. Hiriburu arabarreko sozialistek, Andoaingoa jakin eta gero, boto zuria eman zuten eta horrek Javier Maroto berriz alkate izatea ekar zezakeen, baina, azkenik, Irabazik Gorka Urtaranen aldeko boza eman zuen.

EAJren presidenteak, alabaina, ukatu egin du PPk haien kontra egindako akusazioak, jeltzaleen "goseari" leporatu diote gertatutakoa Gasteizko alkatetza bereganatzeko. Ortuzarren arabera, jeltzaleen erabakiak "erantzukizuna lehenetsi du, hirian politika bideratzeko, Marotok muturrera eraman baitzuen".

Halaber, agintari jeltzaleak esan du "logikoa" dela PP minduta egotea, baina espero du "normaltasun politikoan bat egiteko gai izatea, dolua pasatzen duenean".

EAJk "gogoan dauka" Gasteizen duen ordezkaritza, onartu du Ortuzarrek, hirugarren indarra baita.

EAJK ez du "operazioa egin alkatetza eskuratzeko, baizik eta Gasteiz bestera eraikitzeko, zerotik hasita", EBBren presidenteak azpimarratu duenez. Gainera, onartu du ezin dutela euren kabuz egin eta "PSE-EEri, Ahal Duguri, Irabaziri eta PPri bat egiteko" aukera luzatu die.

"PSE-EErekin harreman ona"

Gorka Urtaran Gasteizko alkate berriak adierazi duenez, EAJren eta PSE-EEren arteko harremana "ona da", eta sozialistek nahi izanez gero, "astelehen honetatik bertatik gobernua osatu dezakegu, ateak irekita baitaude".

Urtaran 2015eko Araba Euskaraz jaiaren irekiera-ekitaldian izan da, eta alkate izendatu zutenetik lehen ekitaldi ofiziala izan da. Larunbat honetan izandako inbestidura-saioan PSEko zinegotziak abstenitu ziren, eta horren harira mintzatu da.

Urtaranen irudiko, EAJren eta PSEren arteko harremana "ona da", eta "hainbat lekutan apurtu egin da kanpoko auziengatik, ez tokiko kontuengatik".

Ramiro Gonzalez, 'lehenbailehen'

Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusi izateko hautagai jeltzaleak iragarri du "eginbeharrak arintzeko" asmoa duela Batzar Nagusien gobernua "lehenbailehen osatu eta martxan jartzeko".

EAJren 13 batzarkideak akreditazioak eman dituzte Batzar Nagusietan, aurreko astean Ahal Duguk eta PSE-EEk egin bezala eta bihar EH Bilduk egingo duen moduan.

EAJren hautagaiaren ustean, "ahalik eta azkarren martxan jartzea behar du Arabak", "arabarren alde lehenbailehen lan egiten has daitezen".

EAJk 13 batzarkide ditu; PPk 12, EH Bilduk 11, Ahal Duguk 8, Irabazik 1 eta Ciudadanosek beste bat.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gasteizko Udala EAJ-PNV Araba Andoni Ortuzar bideoak PSE-EE Gasteiz berriak