Udal eta Foru Hauteskundeak -
Osoko bilkura
Aburto aukeratu dute Bilboko alkate
Jaurlaritzaren Enplegu sailburu ohia gehiengo osoz aukeratu dute, jeltzale eta sozialisten botoekin. Koalizio gobernua osatuko dute bi alderdiek.
E.GARAIKOETXEA | EITB.EUS
Juan Maria Aburto (EAJ) gehiengo osoz aukeratu dute larunbat honetan Bilboko alkate, eta Ibon Areso jeltzalearen lekua hartuko du. EAJko 13 zinegotzien babesa eta lau sozialistena jaso du Aburtok (udalbatzak 29 ordezkari ditu). Bi alderdiek koalizio gobernua osatuko dute, atzo bi indar politikoon buruzagiek iragarri zutenez.
Gainerako alderdietako zinegotziek euren zerrendaburuari bozkatu diote. Hala, EH Bilduren hautagaiak lau zinegotziren babesa jaso du; PPkoak ere, beste horrenbeste. Udalberrik eta Irabazik bina ordezkari lortu zituzten hauteskundeetan.
"Ez dugu inor babes gabe utziko"
Aginte makila eskuan, agintaldiari "ilusioz eta apaltasun osoz" ekiten diola azpimarratu du Aburtok. Nabarmendu duenez, "herritarren zerbitzura" egongo da eta bere helburua "gertuko alkatea, entzuten duten alkatea" izatea da. Aburtoren hitzetan, ez daki munduko alkaterik onena izango ote den (Iñaki Azkunak lortu zuen izendapena ahotan), baina "munduko hiririk onenaren" alkate izango dela ziurtzat jo du.
Zuzenduko duen udala "elkargune bat" izatea nahiko luke Aburtok , "desadostasuna egonda ere, aniztasuna eta errespetua" nagusi izatea; hori horrela, gainerako indarrei dei egin die "etorkizuneko Bilbo eraikitzeko".
Horrez gain, bilbotar guztien bizi kalitatea hobetuko duela eta auzo guztietako biztanleekin akordatuko dela nabarmendu du alkate izendatu berriak. "Ez dugu inor babes gabe utziko" eta "beharrizan gehien dituztenak" laguntzeko konpromisoa hartu du.
Azkenik, hunkituta, osoko bilkuran ziren senitartekoei zuzendu zaie: "Ez ezazu sentitu seme, senar edo aita galdu duzuenik. Gaur ekingo dudan bidaia zoragarri hau nirekin partekatzea nahi dut".
Hauek dira maiatzaren 24ko Bilboko emaitzak, modu grafikoan erakutsita:
Koalizio gobernua
2015-2019 agintaldirako "egonkortasunaren eta gobernagarritasuna" bermatuko duen akordioa lortu zuten atzo EAJk eta PSEk.
Ohar batean jakinarazi zutenez, bi alderdiek uste dute Bilbo "arlo sozial, ekonomiko eta urbanistikoan egiten ari den eraldaketan jarraitzeko akordioa" beharrezkoa dela, eta "udal administrazioa hurbilagoa, irekiagoa eta eraginkorragoa" egiteko konpromisoa hartu dute.
Akordio horren arabera, EAJren esku egongo da alkatetza eta lehenengo eta hirugarren alkateordetza. PSEk bigarren alkateordetza izango du.
Jeltzaleen esku geratuko dira arlo gehienak, hala nola, Alkatetza, garapen ekonomikoa, politika sozialak, jasangarritasun eta hiri garapena, kultura, euskara, hezkuntza, gazteria eta kirola eta herritarren segurtasuna.
Sozialistek mugikortasun politikak, Ingurumena, Etxebizitza eta Garapen osasungarria arloak zuzenduko dituzte.