Udal eta Foru Hauteskundeak -
Osoko bilkura
EAJk Galdakao eta Durango lortu ditu, eta PSEk Ermua eta Portugalete
Aurreko legegintzaldietako alkate berek lortu dute alkatetza. Bakion eta Plentzian, berriz, EH Bilduko alkateak izango dituzte, plataforma independenteen babesa jaso ostean.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Mikel Torres sozialista Portugaleteko alkate izendatu dute berriro (ezkerreko argazkian, makila jasotzen), EAJk zuriz bozkatu ostean . Torresen alde bederatzi zinegotzi sozialistek bozkatu dute. EAJk, berriz, zuriz bozkatu du, eta gainerako alderdiek, euren hautagaien alde.
Gaurko osoko bilkuran Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusia, Patxi Lopez PSOEko Ekintza Politikorako idazkaria eta Nerea Llanos Euskadiko PPko idazkari nagusia izan dira
Galdakao: EAJren esku
Ibon Uribe hautagai jeltzale Galdakaoko alkatea izango da berriro ere, 21 zinegotzietatik bederetzien boza jaso ostean. Gainerako alderdiek -EH Bildu (4 zinegotziekin), Galdakao Orain (bi) eta Irabazi (1)-, euren alderdien alde bozkatu dute.
Bestalde, PSE-EEko bi zinegotzik eta Alderdi Popularreko hautagai bakarrak zuriz bozkatu dute.
Uriberen alderdiak ez du gehiengo absolutua lortu, baina alkatetza lortu du EAJk azken hauteskundeetan boto-kopururik handiena irabazi eta gero.
Ermuan, Totorika berriro
Carlos Totorika PSE-EEko hautagaia Ermuko alkatetza izango da berriro ere, PSEren boza jasota. EAJk eta PPk, berriz, zuriz bozkatu dute. Gainerako alderdiek (Irabazi, Adelante Ermua eta EH Bildu) euren hautagai propioen alde bozkatu dute.
ermu
Durango, EAJrentzat berriro
Bestalde, Aitziber Irigoras jeltzaleak alkatetza lortu du, eta alkate izaten jarraituko du (2008an izendatu ostean), PSE-EEren bozak jaso ostean.
Durangoko Udalan izandako osoko bilkuran Irigoras aukeratu dute lehenengo bozketan: 10 aldeko (8, EAJ, eta 2, PSE-EE).
EH Bilduko zazpi zinegotzik euren hautagaia babestu dute (Dani Maeztu), eta Herriaren Eskubidea elkarte independenteak euren hautagaiaren alde bozkatu du. Bestalde, PPko zinegotzi bakarrak zuriz bozkatu du.
Plentzian, ezustekoa
Plentzian EH Bilduko hautagaia izendatu dute alkate, koalizio independentearen babesa jaso ostean. Maiatzeko hauteskundeetan boza gehien jaso zituen alderdia EAJ izan zen.
Elorrio: EAJk alkatetza galdu du
EAJk Elorrioko alkatetza galdu du, zinegotzi independente batek EH Bilduren hautagaiaren alde bozkatu ostean. Horrela, EH Bilduk Elorrioko alkatetza berreskuratuko du, azken lau urteetan jeltzaleen esku egon eta gero.
EAJk eta EH Bilduk berdindu egin zuten (sei zinegotzi), eta SQ-2D hautagaitza independentek, berriz, zinegotzi bat eskuratu zuen. Hori dela eta, azken horren aldeko bozari esker, Idoia Buruaga izendatu dute alkate.
Osoko bilkuraren emaitza ezagutu ostean, Niko Moreno Elorrioko alkate ohiak eta Sortuko arduradun instituzionalak bere poza adierazi du eta "justizia" egin dela nabarmendu du.
Barakaldon, jeltzaleentzat
Amaia del Campo EAJren hautagaia Barakaldoko alkate izendatu dute larunbat honetan, EAJren aldeko bozak jasota. PSEk bere hautagai propioa aurkeztu du, eta Camporen gaineko bozketan, berriz, zuriz bozkatu dute. Gainerako alderdiek (EH Bildu, Irabazi eta PP) euren hautagaien alde bozkatu dute.
Maiatzeko hauteskundeetan EAJk zortzi zinegotzi eskuratu zituen, eta PSEk veste zortzi, baina 52 bozeko aldearekin. EH Bilduk eta Irabazi koalizioak, berriz, lau zinegotzi lortu zituzten, eta Alderdi Popularrak, ordea, bakarra.
Bakio, EH Bilduren esku
1979 urteaz geroztik Bakioko alkatetza EAJren esku egon ostean, Amets Jauregizar hautagai abertzalea izendatu dute alkate. EH Bilduren hautagai horrek Bakio Bai auzokide-plataformaren babesa jaso du.
Maiatzaren 24ko hauteskundeetan EAJk lortu zituen boza kopuru gehien (bost zinegotzi), baina EH Bilduren eta Bakio Bairen zinegotzien artean gehiengo absolutua lortu dute.
Alkate izendatu ostean, Amets Jauregizarrek (beheko argazkia) azaldu duenez, "herritar guztientzat gobernatuko dut", eta EAJ ere kontuan hartuko duela hitzeman du, alderdi horrek "Bakion boza kopuru handia lortu baitu".
Getxo: Landa berriro
Azken zortzi urteetan Getxoko alkatea izandakoa Imanol Landa alkate berria izendatu dute larunbat honetan Getxoko Udalean izandako osoko bilkuran. Landak EAJren eta PSEren aldeko bozak jaso ditu, guztira, 11. PPk eta EH Bilduk euren hautagai propioaren alde bozkatu dute, eta Guk Getxok eta Herritarra-Ciudadanosek, berriz, zuri bozkatu dute.
Makila jaso ostean, Landak adierazi duenez, "apaltasunez hartuko dut lidergoa, jakin badakigulako ez dugula guztia ondo egiten, hori dela eta, hobetzeko eta ikasteko hainbat alor daudelakoan gaude". "Elkarrizketaren aldeko konpromisoa izango da, gure udalerria hobetzen jarraitzeko akordioak lotu ahal izateko", gaineratu du.
Bermeo: Bidegurenen berrautaketa
Idurre Bidegunen Bermeoko alkatetzarako EH Bilduren hautagaia udalerri horretako alkate izendatu dute berriro. EH Bilduk boza kopuru gehien jaso zituen maiatzeko hauteskundeetan. Gaurko osoko bilkuran, EAJk (zazpi zinegotzirekin, EH Bildu bezala) bere hautagaiaren alde egin du, eta Guzan eta Sartu plataformek zuri bozkatu dute. Ondorioz, EH Bilduren hautagaia izango da alkate berria.
Sestao: jeltzale baten berrautaketa
Josu Bergara EAJren hautagaiak berriro lortu du alkatetza Sestaon. EAJk gehiengo absolutua lortu zuen maiatzean izandako hauteskundeetan. Alkate berriak azaldu duenez, "apaltasunez eta zerbitzu publikoarekiko bokazioarekin" gobernatzen jarraituko du.
Bergarak EAJren bozak jaso ditu. PSEk, EH Bilduk eta PPk, berriz, zuri bozkatu dute, eta Bai Ahal Da/Sí Se Puedek, berriz, bere hautagaiaren alde egin du.
Lekeitio: abertzaleen esku
Koldo Goitia EAJren hautagaia alkate izendatu dute Lekeition, EH Bilduri gobernua kendu ostean. Gaur izandako osoko bilkuran, Goitiak EAJren zazpi zinegotzien babesa jaso du, eta EH Bilduren sei zinegotzik, ostera, beren hautagaiaren alde bozkatu dute.
Gernika: EAJren gehiengo absolutua
Jose Maria Gorroño Gernikako alkatea berriro hautatu dute gaur Gernikan, azken hauteskundeetan gehiengo absolutua lortu ostean. Eusko Abertzaleak-EAJ koalizioaren 11 zinegotzien aldeko bozak jaso ditu Gorroñok. EH Bilduk, ordea, bere hautagai propioa bozkatu dute.
Gorroñok hirugarren legegintzaldia beteko du Gernikan, azkenean EH Bilduren mendean eta EAko militante gisa egin baitzuen ere.