Udal eta Foru Hauteskundeak -

Osoko bilkura

Eneko Goia, Donostiako alkate berria

EAJren botoekin bakarrik egin du aurrera Eneko Goiaren hautagaitzak. Donostia 2016 proiektu ''plurala'' dela eta bertan ''denentzako tokia'' dagoela esan du.

Donostiako osoko bilkuraren argazkia. Argazkia: @eajpnvgipuzkoa
Donostiako osoko bilkuraren argazkia. Argazkia: @eajpnvgipuzkoa
Eneko Goia, Donostiako alkate berria

2:27

E.A. | EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eneko Goia (EAJ) Donostiako alkate izendatu dute larunbat honetan, jeltzaleen babesarekin bakarrik. Izan ere, sozialistek boto zuria eman dute, eta, hala, EAJk berriz lortu du Gipuzkoako alkatetza, 28 urteren ostean, joan den maiatzaren 24ko hauteskundeetan boto gehien lortutako zerrenda izanda.

Zehazki, PSE-EEko zazpi ordezkariek eta EH Bilduko sei kideek eman dute boto zuria; PPk, bestalde, Miren Albistur bere hautagaiari eman dio botoa, eta Irabazik, berriz, Amaia Martin beren hautagaiari.

Eneko Goiak Juan Karlos Izagirre aurreko alkatearen eskutik jaso du aginte makila, eta lehen hitzak egin ditu alkate gisa. Goiak adierazi du ''ohorea'' dela alkate kargua hartzea, eta aurretik alkate izan direnen lana goraipatu du; ''gauzak ez dira hasten norbera datorrenean; kate bat osatzen dugu'', adierazi du.

Hiriaren eta donostiarren alde ''gogor'' lan egiteko konpromisoa hartu du, eta adierazi du ez duela ihes egiten utziko Donostia 2016 bezalako proiektu batek dakarren aukera. Ildo horretan, Goiak esan du Kultur Hiriburutza proiektu ''plurala'' dela eta bertan ''denentzako tokia'' dagoela.

Horrez gain, krisi ekonomikoaren ondorioak gainditzeko beharra azpimarratu du ''aberastasun ekonomiko eta soziala'' sortuta. Goiaren hitzetan hiri ''oparoa'' sortu beharra dago, donostiarrek ''duintasunez'' garatu ahal izan dezaten bere bizi-proiektuak.

Alkate berria ''bakea eta elkarbizitza sortzeko'' beharraz ere aritu da, eta ''oraindik ere egiteko asko'' dagoela azpimarratu du. ''Elkarrekiko errespetuan oinarrituta lan egiten ikasi behar dugu, guztien errespetutik abiatuta'', gaineratu du. ''Memoria berriz ere gertatu behar ez denaren antidotoa eta txertoa izan behar da'', esan du.

Ekitaldia

Ekitaldian izan dira, besteak beste, Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidentea, Eider Mendoza Gipuzkoako Batzar Orokorretako presidente berria, Arantza Tapia Garapen eta Lehiakortasun sailburua eta Odon Elorza Donostiako alkate ohi sozialista.

PSE-EEko ordezkariek Donostia 2016ko kamisetak eraman dituzte soinean.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostiako Udala albisteak Euzko Alderdi Jeltzalea Donostia argazkiak Eneko Goia bideoak Udal eta Foru hauteskundeak 2015 Udal eta foru hauteskundeak 2023