Udal eta Foru Hauteskundeak -

Gipuzkoako batzarra

Akordioetan oinarritutako oposizio eraikitzailea iragarri du EH Bilduk

Koalizioko kideek adierazi du gai batzuk kudeatzeko moduak birbegiratu behar dituztela gauzak egiteko moduak herritarrekin adosteko.

EH Bilduren Gipuzkoako batzarra Lazkaon. Argazkia: EFE
EH Bilduren Gipuzkoako batzarra Lazkaon. Argazkia: EFE
EH Bilduk oposizio eraikitzailea egingo du

1:10

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gipuzkoako EH Bilduk iragarri du "oposizio eraikitzailea" egingo duela lurraldeko Batzar Nagusietan eta baita udaletan ere, beti ere, Gipuzkoak aldaketa politiko eta sozialaren bidean aurrerapausoak eman ditzan.

"Eta herritarrek alkatetza EH Bilduri eman dioten herrietan eredu sozioekonomiko berri baten aldeko apustua egiten jarraituko dugu eta ahalegin handiagoa egingo dugu gure ekimenak zein proiektuak herritarrekin partekatzeko, erritmoak eta prozedurak pausatuz", gaineratu dute.

EH Bilduk Gipuzkoako batzarra egin du Lazkaon maiatzaren 24ko hauteskundeetako emaitzak aztertzeko eta koalizioak berak aitortu du lorturiko emaitzak ez direla onak izan.

"Politika egiteko moduei dagokienean, hainbat hobekuntza egin behar ditugu. Erabaki politiko garrantzitsuenak hartu baino lehen denbora gehiago eskaini behar diogu gure proiektuak eta ekimenak herritarrekin partekatzeari, beren iritzi, behar eta desioak entzuteari eta prozesu partekatuak diseinatzeari", azpimarratu du.

Bestalde, EH Bilduk azpimarratu du bere lehentasunen artean dagoela erabakitzeko eskubidea agenda politikoaren erdigunera eramatea. "Euskal Herria bidegurutze historiko baten aurrean dago eta EH Bildu egoerak eskatzen duen mailan egongo da", gaineratu du.

Azkenik, mugimendu sozialekin eta orokorrean gizartearekin loturak sendotzea adostu du EH Bilduk beren lana erakundeetara soilik ezin dela mugatu iritzita.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gipuzkoa Udal eta Foru hauteskundeak 2015 EH Bildu Bizkaia Udal eta foru hauteskundeak 2023