Udal eta Foru Hauteskundeak -
ITUNAK
Araiz: 'Uxue Barkos Nafarroako presidentea izango da'
EH Bilduko Nafarroako presidentegaiaren hitzetan, 'akordio programatikoak du lehentasuna'. Uxue Barkosen arabera, 'eraikinaren oinarriak finkatzen' hasi dira.
EITB.EUS
Geroa Baik eta EH Bilduk baieztatu egin dute Nafarroan aldaketa egiteko prest daudela. Bi alderdiek bilera izan dute goizean, Nafarroako etorkizuneko gobernua osatzeko bidean. Uxue Barkos Geroa Baiko presidentegaiak joan den astean hasitako bilera-errondaren baitan elkartu dira, eta bi taldeak gustura atera dira bileratik, akordiorako oinarriak egon badaudela iritzita.
Adolfo Araiz EH Bilduko Nafarroako presidentegaiak adierazi du Uxue Barkos Nafarroako presidente ikusten duela, eta nabarmendu du "akordio programatikoak du lehentasuna".
Bestalde, aukera guztiak zabalik dauden arren, aldaketarako gobernua osatzeko formula egokiena "koalizioa" litzakeela esan du EH Bilduko kideak, eta ezker abertzaleko koalizioak "gobernuko kide izateko nahia" duela azpimarratu.
Uxue Barkos Geroa Baiko presidentegaia ere gustura atera da bileratik, akordiorako bidea eraikitzen hasi direlako. "Eraikinaren oinarriak akordio programatikoan egongo dira. Bilera lasaia izan da. Akordiorako bidea finkatzen ari gara", esan du.
Barkosek aurreratu du ez diola EH Bilduri eskatuko gaitzetsi dezan ''ETArena izan den eta den'' indarkeria, ''ez beste edozein indarkeria'', EH Bildu formazioa ''erabat legala'' delako eta ''zalantzarik gabeko'' babesa izan duelako hauteskundeetan. Edonola ere, ''bai eskatuko zaio ordezkari orori, gure botoarekin, guztion ordezkari den orori''.
PSN
PSNk etorkizuneko gobernuan izango lukeen lekuari buruz galdetuta, Araizek argi utzi du EH Bilduk ez duela zentzu horretan "oztoporik" jarriko, nahiz eta euren ustez, PSNk gobernu berriko kide ez lukeen izan behar.
Barkosek, bestalde, onartu du Geroa Bairen asmoa dela ''33ko akordioa lortzea'', PSNri ateak irekita.
Ahal Dugu
Azkenik, Pablo Iglesias Podemos alderdiko buruak EH Bildurekin akordioak lortzeko jarri ditzakeen oztopoez galdetu diete. Barkosek esan du, hala balitz, Iglesiasek ''esan'' egin beharko lukeela; Araizek, bestalde, ''Nafarroako egoera aztertzeko'' esan dio Podemoseko buruari.
Gobernua osatzeko bilerak
Barkosek gidatutako koalizioak hainbat bilera egin ditu dagoeneko; Izquierda-Ezkerra, PSN, PPN eta Ahal Dugu Nafarroa alderdiekin bildu da aurreko egunotan. Geroa Baik negoziazioak bideratzen ditu, Nafarroako bigarren indarra delako, bederatzi parlamentarirekin. Gehiengo osora heltzeko (26 eserleku) EH Bilduren (8), Ahal Dugu Nafarroaren (7) eta Izquierda-Ezkerraren (2) botoak behar ditu.