Udal eta Foru Hauteskundeak -

Nafarroa

Geroa Bai eta EH Bildu gaur batzartuko dira, gobernu aldaketa xede

Barkosek gidatutako koalizioak hainbat bilera egin ditu dagoeneko, hain zuzen, Izquierda-Ezkerra, PSN, PPN eta Ahal Dugu Nafarroa alderdiekin. Batzarra bukatutakoan, agerraldia egingo dute biek.

Nafarroan gobernua osatzeko bilera, Geroa Baik eta EH Bilduk

00:29

Agentziak

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Geroa Bai gaur, asteartea, batzartuko da EH Bildurekin, aurreko astean abiarazitako bilera-sortaren baitan, Nafarroan gobernu aldaketa bideratzeko, Uxue Barkosek gidatuta.

Barkosek gidatutako koalizioak hainbat bilera egin ditu dagoeneko, hain zuzen, Izquierda-Ezkerra, PSN, PPN eta Ahal Dugu Nafarroa alderdiekin. Gaur, ordea, EH Bilduren txanda da eta, gainera, Geroa Baik beharrezkoa du Adolfo Araizek ordezkatzen duen koalizioaren babesa aldaketa gauzatzeko.

Geroa Baik negoziazioak bideratzen ditu, Nafarroako bigarren indarra delako, bederatzi parlamentarirekin. Gehiengo osora heltzeko (26 eserleku) EH Bilduren (8), Ahal Dugu Nafarroaren (7) eta Izquierda-Ezkerraren (2) botoak behar ditu.

Gaurko bilera, aurrekoak bezala, Nafarroako Parlamentuan egingo dute, txostenen aretoan, 11:00etan. Batzarra bukatutakoan, agerraldia egingo dute biek.

Ahal Dugu Nafarroarekin sintonian

Uxue Barkos Geroa Baiko Nafarroako presidentegaiak atzo adierazi zuenez, Nafarroako Ahal Duguk eta Geroa Bai "aldaketarako posizio oso bateratuak" zituzten. Barkosek iritzian, "adostasun nabarmena" zuen bere koalizioak Nafarroako Ahal Dugurekin aldaketa bultzatzeko

Maiatzaren 24ko hauteskundeen ostean hasitako bilera-errondaren baitan, Nafarroako Ahal Duguko ordezkariekin elkartu zen atzo Barkosen lan-taldea. Baikor atera ziren bileratik, aldaketarako jarrera bertsua elkarri erakutsita. Laura Perez Nafarroako Ahal Duguko presidentegaiaren aburuz, "akordio programatikoa" lortzea da euren helburua, baina agerikoa da "bide beretik goazela".

"Guk aldaketaren aldeko apustua egin dugu eta bide hori erraztuko dugu", esan zuen Perezek, prentsaren aurreko agerraldian. Bere taldearentzat garrantzitsuena "ez da Foru Gobernuko kide izatea", "akordio programatikoak" lortzea baizik.

Iruñeko Alkatetza, gertu

Joseba Asiron EH Bilduko Iruñeko alkategaiak badu alkate izateko nahikoa babes inbestidura saiora begira, Asironek berak astelehen honetan adierazi zuenez. EH Bilduk alderdiekin egin zuen bilera erronda bukatuta, Geroa Bairen, Aranzadiren eta Izquierda-Ezkerraren babesa eskuratu du alkate izateko, hautagaiak berak iragarri zuenaren arabera.

Izan ere, atzo elkartu zen Asiron Geroa Bairekin eta, batzar horretan, alkatetza ''integratzaile'' baten alde egin zuten bi alderdiek. Zehazki, ''denontzat gobernatzeko konpromisoa'' aipatu zuten, eta, horrekin batera, ''hiriaren errealitate sozial eta anitza eta hiritar guztien errespetua'' defendatu zituzten.

Geroa Bairekin egindako hitzordu horrekin bukatu zuen EH Bilduk Iruñeko alkatetzan aldaketa egiteko bilera-sorta eta, horren ostean, adierazi zuen hautagaiak alkate izateko babes nahikoa duela. Hala ere, Asironek azaldu zuen Geroa Baik, Aranzadik eta Izquierda-Ezkerrak gobernuan parte hartzearen aukera ''etorkizuneko bileren menpe'' edo alderdi horien ''militanteen berrespenaren menpe'' dagoela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
PP Iruñeko argazkiak Albisteak Nafarroako Alderdi Geroa Bai Nafarroa gaur Uxue Barkos EH Bildu Bizkaia Izquierda-Ezkerrari buruzko albisteak Joseba Asiron