Udal eta Foru Hauteskundeak -
Hauteskundeen emaitzak
Arantza Quirogak baztertu egin du EAEko PPren buruzagitza uztea
Euskadiko PPren presidenteak esan du espero zituztela igandeko emaitzak. ''Hausnarketa gogorra eta errealista egin behar dugu'', adierazi du.
Agentziak | Erredakzioa
Arantza Quiroga EAEko PPren presidenteak esan du espero zituztela joan den igandeko udal eta foru hauteskundeetako emaitzak, eta baztertu egin du kargua uztea.
Ostegun honetan Radio Euskadin egin duen elkarrizketa batean, Quirogak esan du Euskadiko PPren presidentea denetik hauteskundeen ondorengo ''egoera hau'' planteatu izan diela alderdikideei.
ETAren mehatxua dela-eta PPk Euskadin ''zailtasun handiak'' izan dituela azpimarratu du, eta garai hori bukatuta ''nolabait biluzik'' geratu direla azaldu du. Horrekin batera, ''egitura falta'' ere aipatu du Quirogak.
''Hausnarketa gogorra eta errealista egin behar dugu; nondik gatoz eta nora goaz? Une honetan, hau da egoera, eta azterketa egiten ari gara; ezin zara geldi geratu, zauriak miazkatzen'', adierazi du.
Euskadiko PPren buruaren hitzetan, lan egin behar da, ''etorkizuna eta itxaropena egon badaudelako''. ''PP sendo dago Gasteizen eta Araban; lan eta lan egin behar dugu, aurrera egin behar dugu'', gaineratu du.