Udal eta Foru Hauteskundeak -

Nafarroa

Gobernu aldaketa nahi dute Sanchezek eta Chivitek, baina EH Bildu gabe

Geroa Bai, EH Bildu eta Ahal Duguren gobernu baten “aukera” planteatzen ari direla “ematen du”, Chivitek onartu duenez. Exekutiboak Ezkerraren babesa izango lukeela erantsi du.

Maria Chivite Nafarroako sozialisten buruzagia. Artxiboko irudia: EFE
Maria Chivite Nafarroako sozialisten buruzagia. Artxiboko irudia: EFE
Maria Chivite Nafarroako sozialisten buruzagia. Artxiboko irudia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nafarroan “gobernu aldaketa” nahi dute Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusiak eta Maria Chivite Nafarroako sozialisten buruzagiak, baina EH Bildu Exekutiboko kide izatea “desiragarria” ez dela erantsi dute.

Nafarroako presidentegai sozialistak adierazpenak egin ditu Ferrazen, PSOEko buruzagiarekin bildu eta gero. Sanchez ‘baroi’ guztiekin bilera-sorta egiten ari da iragan igandeko hauteskundeen emaitzak aztertzeko.

Geroa Bai, Bildu eta Ahal Duguren gobernu baten “aukera” planteatzen ari direla “ematen du”, Nafarroako sozialisten buruzagiak onartu duenez. Exekutiboak Ezkerraren babesa ere izango lukeela erantsi du. Ondorioz, sozialisten bozak ez lirateke beharrezkoak.

“Erabakia eurena da”, adierazi du Chivitek. Gobernua aldatzeko apustua berretsi du buruzagi sozialistak, baina ezker abertzalea Exekutibo horretako kide izatea “desiragarria” ez dela argi utzi du.

Gobernu “egonkorra”

Biek “gogoeta berdina” egin dutela azaldu du PSNko buruzagiak. “Foru Erkidegoaren Gobernuan aldaketa nahi dugu”, esan du Chivitek, baina Exekutibo “egonkor” batekin. Zentzu horretan, Gobernu berriaren lehentasunak “pertsonak, gizarte politikak eta Ongizate Estatua sendotzea” izan behar direla adierazi du.

Lurralde bakoitzean beharrezkoak diren akordioak ixteko askatasuna eman die Sanchezek ‘baroi’ei, baina PPrekin itunik ez egiteko eskatu die. Bestalde, EH Bildurekin “distantziak gordetzeko” eskatu zien.

PPrekin akordioetara heltzeko aukera bileran eztabaidatu ote duten galdetu diote kazetariek Chiviteri. Aukera hori baztertu dutela ziurtatu du PSNko idazkari nagusiak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Albisteak PSN Pedro Sánchez bideoak EH Bildu Bizkaia Hauteskundeak Nafarroan Nafarroako Gobernua berriak