Udal eta Foru Hauteskundeak -

Radio Euskadi

Arraiz: 'Herritarrek harroputz ikusi dute EH Bildu'

Hasier Arraizek esan du hauteskundeetako emaitzek ez dutela bakegintza eta desarmean eraginik izango.

'Ez dugu ikusten EAJ burujabetzaren aldeko prozesu batean'

00:43

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAJk “lehentasun osoa” emango dio PSE-EEri Udalak eta Batzar Nagusiak eratzeko negoziazioetan, Hasier Arraiz Sortuko presidenteak gaur adierazi duenez. Subiranotasunaren aferan, sozialistek “prozesua geldiarazi” egingo dutela salatu du Arraizek.

Bestalde, Arraizek nabarmendu du hauteskundeetako emaitzek ez dutela bakegintza eta desarmean eraginik izango.

Radio Euskadiri eskainitako elkarrizketan, bere “kezka” azaldu du Arraizek igandeko emaitzen aurrean. EAJ “eroso” sentitzen den politika “konbentzionalak” bultzada izan duela nabarmendu du. Bestalde, “alternatibaren” esparruan sentitzen da “eroso” EH Bildu.

Ezker abertzalearen esparru horretan, erabakitzeko eskubidea “oinarrizko ardatzetako bat” dela azpimarratu du Arraizek. “Gure herrialdearen eraldaketa sozialari begira, erabakitzeko eskubidea erremintatzat hartu behar dugu”, erantsi du.

Arraizek salatu duenez, "unionisten eta aldaketa politikoaren aurka" daudenen boto asko eta asko jaso ditu EAJk oraingoan.

“Epe luzera, EAJk erabakitzeko eskubidearen alde egitea oztopatuko du horrek. Baliteke noizean behin gaia aipatzea, baina, gure ustez, zaila izango da subiranotasunean aurrera egitea, EAJ eroso sentitzen bada erabakitzeko eskubide horren aurkako esparruan. Kezkagarria da egungo egoera”, azaldu du.

Herritarrek, “legealdiaren hasieran batez ere”, EH Bildu “harroputz” ikusi dutela onartu du Hasier Arraizek. Mezua “jaso” egin dutela adierazi eta “akatsa” non egin duten badakiela gaineratu du: egitasmoan baino, egitasmo hori aurrera ateratzeko moduan izan da akatsa, Arraizen hitzetan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Hasier Arraiz berriak Euskal sozialistak