Udal eta Foru Hauteskundeak -
Elkarrizketa
Barkos: 'Nafarroan aldaketa eraikitzera beharturik gaude'
Bilera-sorta amaitu eta gero gobernuaren formula erabakiko dutela azaldu du Geroa Baiko hautagaiak. Indar politiko ezberdinen arteko “akordio programatiko bat” beharrezkoa dela esan du.
Eriz Lotina | eitb.eus
“Zenbakiak itzelak dira”, adierazi du Uxue Barkos Geroa Baiko zerrendaburuak igandeko hauteskundeen emaitzen inguruan. “Aldaketa modurik egokienean eraikitzera beharturik gaude”, erantsi du Barkosek.
“Koalizio gobernu bat osatzeko ezintasunak ezin dezake aldaketa zapuztu”, azaldu du Barkosek Radio Euskadiko ‘Ganbara’ irratsaioan. Geroa Baik lortutako ordezkari kopurua dela eta pozik agertu da. “Egitura oso txiki batekin emaitza aparta lortu dugu”, goraipatu du.
“Aldaketa lasaia eta trebea izan behar da, iraunkortasun bokazioarekin”, azpimarratu du. Horren harian, “zapuztutako beste saiakera etsigarriren bat izan dugu dagoeneko”, gogorarazi du.
Horretarako, “akordio programatiko bat beharrezkoa” dela uste du Geroa Baiko ordezkariak. “33 eserlekuk gaitasun legegile handia dute”, azpimarratu du. “Indar politiko guztiekin lehen hartu-emana izan dut, baina esertzeko aukerarik ez dugu izan”, erantsi du.
Aldaketa gauzatzeko aukerarik ez du baztertu Barkosek, eta koalizioko gobernu posible batean ez du EH Bildu bazterrean utzi nahi izan. “Patxadaren diskurtsoa ez da sigla konkretu baten ezaugarria”, esan du. Hala eta guztiz ere, “Geroa Baik zentraltasuna adierazteko duen gaitasuna” nabarmendu du Barkosek.
Iruñeko Udalari dagokionez, “aldaketa erraztu” egingo dutela ziurtatu du Barkosek. “Gobernua osatzen saiatzeko erantzukizuna, noski, EH Bilduk du”, azaldu du Geroa Baiko ordezkariak.
Bilera-sorta
Nafarroan “Gobernu aldaketa gauzatzeko” bilera-sorta hasiko du Geroa Baik asteazken honetan. Koalizio abertzalea Ezkerrarekin bilduko da.
“Parlamentuan ordezkaritza lortu duten gainerako alderdi politikoekin ere” bilera-sorta egingo du Geroa Baik, koalizioak agiri batean iragarri duenez.
Asteazken honetako bilera Nafarroako Parlamentuan egingo dute, 11:00etan. Batzarra amaitu eta gero, bi alderdiek prentsaurrekoa emango dute.
Ciudadanosen Zuzendaritza Nafarroan, deseginda
Bestalde, Eduardo Ortiz Nafarroako Ciudadanosen koordinatzaileak eta Hauteskunde Batzordeko kideek kargua utzi dute; hori dela eta, Zuzendaritza Nazionalak batzorde bat izendatuko du alderdiaren zereginak kudeatzeko, Zuzendaritza Batzordea osatu arte.
Horrela, Nafarroako Ciudadanos alderdiak ohar baten bidez zabaldu duenez, kideek "aurreko igandeko hauteskundeetan lortutako emaitzen aurrean duten erantzukizun politikoa onartu" dute; "200 bat botora geratu dira Nafarroako Parlamentuan ordezkaritza lortzeko, baina, halere, ez datoz bat alderdiak zituen helburuekin".
Hala, datorren ostiralean, Nafarroako Ciudadanosek batzarra egingo du afiliatuekin, eta Hauteskunde Batzordearen eta jarduneko koordinatzailearen txostenak aurkeztuko dituzte "bultzada berri bat emateko behar diren erabakiak proposatu eta eztabaidatzeko".