Udal eta Foru Hauteskundeak -
M24
Javier Maroto: 'Bilduk proposatutakoa galtzaileen ituna da'
EAJ lehentasunezko bazkide izatea nahi du Gasteizko alkateak, baina besteekin hitz egiteko prest ere agertu da. Horren hitzetan, bera ez da inor PPren Euskadiko edo Espainiako politikaz jarduteko.
E.GARAIKOETXEA | EITB.EUS
Javier Maroto Gasteizko alkate eta Arabako hiriburuko udal hauteskundeen irabazleak ziurtzat jo du EAJk eta PSE-EEk "sen onez" jokatu eta ez dutela babestuko EH Bilduk bera Alkatetzatik kentzeko proposatutako "galtzaileen ituna". Marotoren ustez, koalizio abertzaleak "hauteskundeak irabazi dituena bota nahi du", baina ekarpen eskasa denez, "ez da aurrera aterako".
Radio Euskadin eskainitako elkarrizketa batean, alderdi guztiekin, "sortu berri direnekin ere", hitz egiteko prest agertu da, baina, aitortu duenez, EAJ izan da azken lau urteetan euren lehentasunezko bazkide, eta aurrerantzean ere hala izaten jarraitzea espero du.
Atzokoan Miren Larrion EH Bilduko alkategaiak Maroto Alkatetzatik kentzeko egindako proposamena aurrera aterako ez dela uste du Marotok: "Ramiro Gonzalez EAJko ahaldun nagusirako hautagaiak esandakoak irakurrita, ziurtzat jotzen dut EAJk eta PSE-EEk sen onez jokatuko dutela eta ez direla EH Bilduren morroi izango", adierazi du. Marotoren aburuz, "Bilduk proposatutakoa galtzaileen ituna da. Hauteskundeak irabazi dituena bota nahi dute, eta hori ekarpen eskasa denez, ez da aurrera aterako".
Jarduneko alkateak gogoeta "umila" egin du igandean Gasteizen gertatutakoaz. Nabarmendu duenez, "salbuespena" izan da Arabako hiriburua, beste udal eta autonomia batzuetan ez bezala, Alderdi Popularrak botoak irabazi dituelako (% 10, Marotoren kasuan). Haren hitzetan, "gasteiztarrek ondo ulertu dute mezua. Guretzat garrantzitsuena Gasteiz eta gasteiztarrak dira, guztiaren gainetik, baita siglen gainetik ere".
Eredu hori Alderdi Popularreko eskualde edo Estatuko politikan ere aplikatu daitekeen galdetuta, iheskor azaldu da Maroto. Horren ustez, "afiliatu soila naiz, eta ez dagokit niri PPren inguruko erabakiak hartzea. Gasteiz da nire ardura, eta ez naiz saltsa gehiagotan sartuko", adierazi du.
Azkenik, hauteskunde kanpainan pentsiodunentzat agindutako diru-laguntza "gaurtik aurrera" eskuragarri dagoela jakinarazi du Gasteizko alkateak. Gas eta argindar fakturak ordaintzeko, hilero 50 euroko diru-laguntza ematea proposatu zuen Marotok. "Ezarritako baldintzak betetzen badituzte, ekainetik aurrera hasiko dira kobratzen", iragarri du.