Udal eta Foru Hauteskundeak -
M24
EAJ garaile Bizkaian, eta EH Bilduk bigarren lekuari eutsi dio
Jeltzaleek 2011ko emaitzak hobetu dituzte (23 batzarkide, duela lau urte baino bat gehiago). EH Bildu da bigarren indar (11) eta Ahal Dugu, laugarren (6), PSE-EEren atzetik (7).
E.GARAIKOETXEA | EITB.EUS
Euzko Alderdi Jeltzaleak (EAJ) garaipen erosoa lortu du Bizkaian 2015eko foru hauteskundeetan, eta duela lau urteko emaitzak hobetu ditu (23, duela lau urte baino bat gehiago), datu ofizialen arabera.
EH Bilduk bigarren postuari eutsi dio, 11 batzarkiderekin (2011n baino bat gutxiago), eta Ahal Duguk sei batzarkide lortu ditu bere lehenengo agerraldian, eta laugarren indarra da PSE-EEren atzetik. Sozialistek zazpi eserleku erdietsi dituzte, duela lau urte baino bi gutxiago.
Aipatzekoa da popularrek izandako porrota, ordezkarien erdiak galdu baitituzte: 8tik 4ra jaitsi dira.
Abstentzioa % 37,57ekoa izan da.
"EAJren olatua Bizkaira heldu da"
Unai Rementeria EAJren Bizkaiko ahaldun nagusirako hautagai eta hauteskundeen irabazlea pozarren agertu da Bilbon, emaitzen berri jaso ondoren eskaini duen prentsaurrekoan. Rementeriak adierazi duenez, "EAJren olatua Bizkaira eta Bilbora heldu da, indarrez eta ilusioz".
Itxaso Atutxa EAJren BBBko presidentea eta Juan Maria Aburto Bilboko alkategaia ondoan zituela agertu da Rementeria oholtza gainera. Jasotako 210.000 botoak eskertu ditu, eta astelehenean bertan "Bizkaia hazten jarraitzeko" lanean izango dela berretsi du."Erronka kolektibo horretarako, guztiak izango ditut kontuan. Hautestontziek argi utzi dute Bizkaia anitza dela, baina, era berean, agerian geratu da Bizkaiko gehiengo batek EAJ eta Unai Rementeria nahi dituela lidergo lanetan", azaldu du.
'Ezusteak' udal hauteskundeetan
Foru hauteskundeek ez dute lurralde bizkaitarren aparteko ezustekorik eman, baina ez da gauza bera gertatu hainbat herritako udal hauteskundeetan.
Barakaldon, esaterako, urte luzez sozialisten gotorleku izan den Ezkerraldeko herrian, EAJk irabazi ditu hauteskundeak, PSE-EEri 65 botoko aldea aterata. Dena dela, biek ala biek zortzina zinegotzi izango dituzte. EH Bilduk zituenei eutsi die (4), Irabaziz bezainbat. PP bost ordezkari izatetik hiru izatera pasatu da.
Lekeition izan da gaueko beste "ezustekoa". EAJ izan da garaile (7 ordezkari) kostaldeko herri honetan, EH Bilduren kaltetan (6).
Aurreko hauteskundeetan EH Bilduren koalizioko hautagai zen Jose Maria Gorroñok (egun, EAJ) irabazi ditu hauteskundeak Gernika-Lumon, eta gehiengo osoa lortuta (11 eserleku) egin du gainera. Koalizio abertzaleak sei zinegotzi izango ditu.
Herri garrantzitsuenen emaitzak
EAJk Sestaon lortutako gehiengo osoa hauteskunde-gaueko emaitza nabarmenetakoa izan da; botoen % 51 jaso, eta 21 zinegotzietako 13 eskuratu ditu. Ezkerraldeko gainerako herriek aldaketarik gabe jarraitzen dute: PSE-EEk eutsi egin dio gehiengoari Portugaleten (botoen % 33 eta 9 zinegotzi, 2011n baino bat gehiago), eta EAJ nagusi izan da Santurtzin, baina gehiengo osoa galdu du (10 ordezkari). Sí Se Puede Santurtzi indarrez sartu da Udalean, lau zinegotzi eskuratuta bigarren lekua lortu baitu.
Getxon ere ez dago aldaketarik. EAJk irabazi du bertan, botoen % 34,09 eta bederatzi zinegotzi (2011n baino bat gutxiago) lortuta. Basaurin ere jeltzaleak izan dira nagusi; 10 eserleku eskuratu dituzte, duela lau urte bezala. PSE-EE, bestalde, Ermuan gailendu da, botoen % 31,51 eta sei zinegotzi eskuratuta.
EH Bilduk Igorre, Lemoa, Dima, Elorrio edo Larrabetzun zituen alkatetzei eutsi die. Jeltzaleek, halaber, lehengo postua kendu diote koalizio abertzaleari Sopelan eta Elantxoben.
Arantzazukoa da kasurik bitxienetakoa. EAJk eta EH Bilduk boto kopuru bera lortu dute: 132 boto. Datozen lau urteetako alkatea zotz eginez aukeratuko dute, horrenbestez.
Hona Bizkaiko Foru Hauteskundeen emaitzak modu grafikoan aurkeztuta: