Udal eta Foru Hauteskundeak -

2015eko hauteskundeak

Hauteskunde-eguneko bitxikeriak

Hona hemen gaurko hauteskunde-hitzorduak eskaini dituen pasadizoen laburpena. Esaterako, Errioxako udalerri batean bi minutu izan dituzte boto-kutxak zabalik, 9 boto-emaile bakarrik baitzeuden.

10:20ak aldera, hauteskunde-mahaien % 100 ez zegoen osatuta. Argazkia: EFE
Hauteslekuetan zenbatgura bitxikeria ikusi ditugu

1:46

T.S.J. | EITB.EUS | AGENTZIAK

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hego Euskal Herriko udal eta foru hauteskundeek, eta Estatuko autonomikoek ere, bitxikeria anitz utzi dituzte, tartean, hainbat arazo hauteskunde-mahaiak osatzerakoan, edo jazoeraren bat botoa ematera joan diren herritarrekin. Hona hemen eguneko pasadizo nabarmenak.

Errioxan, bi minutuko hauteskundeak

Boto-kutxak itxi dituen lehen udalerria Villarroya izan da, Gobernuko Ordezkaritzak zabaldutako informazioaren arabera. Errioxako udalerri horretan botoa emateko eskubidea zuten bederatzi herritarrek lehen minutuetan bozkatu dute, eta boto-kutxak 09:02rako itxi dituzte. 2011koetan, berriz, 09:07an itxi zituzten.

Logroñotik 63 kilometrora dago Villarroya, Arnedo eskualdean.

Atxilotu bat Galizian

Baamortoko parrokian, Monforte de Lemos udalerrian (Lugo), emakume bat atxilotu dute hauteskunde-mahaikidea izateari uko egiteagatik, Lugoko Gobernuko Azpiordezkaritzak zabaldu duenez.

Argitu gabeko arrazoiengatik, emakumeak uko egin dio hauteskunde-mahaiko presidente izateari. Hori dela eta, ordezkoak hartu behar izan du haren lekua, eta Hauteskunde Batzordeari jazotakoa jakinarazi diote. Ondorioz, epaile batek emakumea atxilotzeko agindu du. Epailearen aurrean deklaratu ostean, aske utzi dute.

Istripua Gasteizen

Bestalde, adineko emakumezko bat erori egin da Gasteizen, eta, ondorioz, San Prudentzioko hauteslekua hainbat minutuz itxi behar izan dute.

Donostian

Donostiako mahai oso bat ordezkoz osatu behar izan dute, titularrak eta beste hainbat ordezko ez baitira agertu.

Bestalde, Donostian bertan, emakume bat hauteslekuan ate-joka egon da 08:00etarako, botoa ematen lehena izan nahi zuelako.

Hautesleku bat hustu dute Madrilen

Ciudad Linealeko barrutiko Mirasierrako hauteslekuko atal bat jendez hustu eta itxi behar izan dute "motxila susmagarri bat zegoelako", Gobernuaren bozeramaileak, Concepcion Dancausak, azaldu duenez.

Dancausak esan duenez, "motxila susmagarri bat atzeman dutenean, gela hustu dute". 45 minutuz egon da itxita, eta 15:00etan berriro ireki dute, "normaltasunez".

Hautesle-zerrendarik gabe

Alesbesen, Nafarroa, hautesle-zerrendarik gabe geratu dira, errore baten ondorioz, datu horiek bidaltzeko gutuna hutsik zegoelako. Hauteskunde-mahaia normaltasunez osatu dute, hautesle-zerrenda posta elektronikoaren bitartez jaso ostean.

UPyDren salaketa

Euskadiko UPyDk salatu duenez, bere alderdiaren boto-txartelak desagertu dira Usandizagako hauteslekuan, Donostian. Horren ondorioz, bozketa 90 minutuz eten behar izan dute.

Gorka Maneiro alderdiko buruak kritikatu duenez, "nahita egindako ekintza izan da, UPyD kaltetzeko asmoz".

Bozkatu ezinean, Burgosen

Datu elektronikoak kargatzerakoan izandako errore baten ondorioz, hainbat laguni botoa ematea galarazi diete Burgosen, Javier Lacalle Burgosko alkateak adierazi duenez.

Herritar horiek iazko Europako hauteskundeetan parte hartu zuten, baina boza posta bidez eman zuten, eta, dirudienez, hauteskunde-mahaietan duten paperezko zerrendetan ere horrela agertzen dira oraindik ere.

Hauteskunde-mahaien ia % 1, osatu gabe

Bestalde, Barne Ministerioak zabaldutako informazioaren arabera, 10:21erako hauteskunde-mahaien % 99,81 osatuta zegoen. Penintsulako eta Balear Uharteetako hauteslekuek 09:00etan ireki dituzte atean, eta Kanarietan, berriz, ordubete geroago (bertan 09:00ak zirenean, hain zuzen).

Horrela, 10:21erako aurreikusitako 57.735 mahaietatik 57.626 irekita zeuden. Beraz, 109 hauteskunde-mahai osatzeko zain zeuden.

Toledon, boto-txartelik gabe

Halaber, Illan de Vacas Toledoko udalerri txikian, boto-txartelik gabe esnatu dira. Zazpi lagunek baino ez dute boza emateko eskubidea, baina txartel barik zeudenez, hauteslekuaren irekiera minutu batzuk atzeratu egin da.

Leandro Esteban Gobernuaren bozeramaileak azaldu duenez, boto-txartel berriak inprimatu ondoren ireki dute hauteslekua.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Udal eta Foru hauteskundeak 2015 Hauteskunde Autonomikoak