Udal eta Foru Hauteskundeak -
11 galdera eta erantzun
Boto zuriaren eta baliogabearen arteko aldea, eta beste duda batzuk
Zalantza guztiak argituko dizkizugu: Nortzuk aurkezten dira? Mahaikide izatetik libra naiteke? Lanean banago, bozkatzera joateko baimena dut? Atzerritar jatorria dut, botoa eman dezaket?
D. P. - M. I. | EITB.EUS
Zer hautatuko dugu hauteslekuetan?
EAEko 1.726.560 pertsonak bozkatu ahalko dute igande honetako udal eta foru hauteskundeetan, udalen eta batzar nagusien osaketa hautatzeko.
Nafarroan, 504.177k dute boto eskubidea, udaletako, kontzejuetako eta Foru Parlamentuko kideak aukeratzeko.
Nortzuk aurkeztu dira hauteskundeetara:
Arabako Batzar Nagusietarako hauteskundeak: EAJ, EH Bildu, PSE-EE, PP, Podemos-Ahal Dugu, Irabazi, Ciudadanos, Vox eta Ikune .
Bizkaiko Batzar Nagusietarako hauteskundeak: EAJ, EH Bildu, PSE-EE, PP, Podemos-Ahal Dugu, UPyD, Irabazi, Ciudadanos, PACMA, Alderdi Humanista, Vox , Ikune eta PCPE-EK.
Gipuzkoako Batzar Nagusietarako hauteskundeak: EAJ,, EH Bildu, PSE-EE, PP, Podemos, UPyD, Irabazi eta Ciudadanos.
Nafarroako Parlamenturako hauteskundeak: UPN, PSN, EH Bildu, PPN, Izquierda-Ezkerra, Geroa Bai, Podemos-Ahal Dugu, Ciudadanos, UPyD, Libertate Nafarra, Equo, PACMA, SAIN eta RCN-NOK.
Zein da boto zuriaren, balio gabekoaren eta abstentzioaren arteko aldea?
Boto zuria: Gutun-azala hutsik uztea edo horren barruan paper zuri bat sartzea da boto zuria ematea, eta, teorian behintzat, hauteskunde sistema babesten duzula baina zure gustukoa den alderdirik ez dagoela esan nahi du.
Boto zuriek eragin zuzena dute emaitzetan. Izan ere, handitu egiten dute erakundeetan sartzeko beharrezkoa den gutxieneko boto kopurua (% 5ekoa igandeko hauteskundeetan) . Hau da, zenbat eta boto zuri gehiago, gero eta handiagoa izango da ordezkaritza lortzeko beharrezko den gutxieneko boto kopurua. Hori dela eta, zuriz bozkatzeak alderdi handien alde egitea dakar.
Boto baliogabea: Gutun-azalean boto-papera ez den beste gauzak sartzea edo papera bera eraldatzea da balio gabeko boza ematea.
Boto baldarra dela esan ohi da, eta ez du eraginik azken emaitzan. Hori bai, zenbatu egiten dituzte.
Abstentzioa: Ez bozkatzea da. Edozein alderdiri egin diezaioke mesede edo kalte, etxean geratzen direnak noren boto-emaile diren arabera. Bozkatzera ez joateko arrazoiak askotarikoak izan daitezke (gaixorik egotea edo hauteskundeak direla ez jakitea, adibidez), baina herritarrek politikaren eta hauteskunde sistemaren aurrean duten interesa neurtzeko erabili ohi da.
Atzerritar jatorriko euskalduna naiz. Zein hauteskundeetan eman dezaket botoa?
Atzerritar jatorriko euskal herritarrek udal hauteskundeetan eman ahal izango dute euren botoa. Ez, ordea, foru hauteskundeetan.
Udal hauteskundeetan Europar Batasuneko herrialdeetatik etorritakoek parte hartu dezakete (Alemania, Austria, Belgika, Bulgaria, Txipre, Kroazia, Danimarka, Eslovenia, Estonia, Finlandia, Frantzia, Grezia, Hungaria, Irlanda, Italia, Letonia, Lituania, Luxenburgo, Malta, Herbehereak, Polonia, Portugal, Erresuma Batua, Txekiar Errepublika, Eslovakiar Errepublika, Errumania eta Suedia). Elkarrekikotasun-akordioak dituzten herrialdeetatik etorritakoek ere parte hartu dezakete udal hauteskundeetan (Norvegia, Ekuador, Zeelanda Berria, Kolonbia, Txile, Peru, Paraguay, Islandia, Bolivia, Cabo Verde, Hego Korea eta Trinidad eta Tobago).
Lan egin behar du hauteskunde egunean. Botoa ematera joateko baimena eskatu ahal dut?
- Ohiko lanaldia hauteskunde-kolegioen ordutegiarekin lau ordu edo gehiago uztartzen bada, bozkatzera joateko 4 orduko baimena dago.
- Kointzidentzia lau ordutik beherako bada, lanaldiarekin bat datorren denborara mugatuko da baimena.
- Lanaldia ohikoa baino laburragoa bada, baimenaren iraupena proportzionalki txikituko da.
Nolakoa izango da hauteskunde eguna
Goizeko bederatzietan irekiko dira hauteskunde-kolegioak eta hamaika ordu beranduago itxiko dira, hau da, arratsaldeko zortzietan.
Hautestontziak irekita dauden bitartean, komunikabideek ezin dute galdeketen emaitzarik ezagutzera eman. Arratsaldeko zortzietan, kolegioak itxi ondoren, kaleratu ahal izango dituzte emaitzak.
Parte hartze datuak bai eman ahal izango dituzte ezagutzera. Eguerdiko ordu bietan eta arratsaldeko seietan kaleratuko dira datu horiek. Botoen kontaketa hauteslekuak itxi eta berehala hasiko da.
Hauteskunde-mahaiko kide izatea egokitu zait. Libra naiteke?
Hauteskunde-araubide Orokorraren Lege Organikoak "hauteskunde-mahaietan ez parte hartzeko alegazio batzuk" jasotzen ditu, eta arrazoi pertsonalak, familiarrak eta profesionalak bereizten ditu.
Besteak beste, bularra ematen duten amak babesten ditu legeak (haurrak 9 hilabete bete bitartean). Mahaikide ez izateko beste arrazoi batzuk ondorengoak dira: haurdun egotea, zuzeneko senitarteko bat ezkontzea, adingabeak zaindu behar izatea, klausuran dagoen erlijiosoa izatea, edo osasun arloan lan egitea.
Egun horretan lan egitea eta kontzientzia-eragozle izatea ez dira mahaikide ez izateko aitzakia.
Legea betetzea derrigorrezkoa da: mahaikide izan eta hauteskunde-kolegioan agertzen ez denak hauteskunde-delitua egingo du. Delitu horrek 3 hilabete eta hilabete arteko espetxe-zigorra jaso dezake, edo 6 hilabetetik 24ra bitarteko isunak. Ezin da broma moduan hartu, aurrekari penalak izateak zenbait herrialdeetara bidaiatzeko debekua edo zenbait beka jasotzeko oztopoa izan baitaiteke.
Dena dela, legeak jasotzen duenez, tokian tokiko eskualdeko hauteskunde-batzordea izango da alegazioak onartu edo atzera botako dituena. Alegazioa atzera botatzen bada, administrazio-errekurtsoa aurkeztu daiteke.
Mahaikide izatea egokitu zait. Zenbat ordainduko didate eta ze eskubide ditut?
Mahaiko presidenteak eta bokalek 62,61 euroko dieta jasoko dute. Dieta horrek ez du zerga atxikipenik. Gizarte Segurantzak ere babesten ditu pertsona horiek.
Hauteskundeen hurrengo egunean, astelehena maiatzaren 25a, lan egiten dutenek, gainera, ordaindutako eta errekuperatu behar ez den baimena izango dute lanaldiko lehen bost orduetan.
Zenbat kostatu da hauteskunde kanpaina?
Euskal alderdiek orain lau urtekoa baino aurrekontu murritzagoarekin egin diote aurre 2015eko hauteskunde kanpainari. Legearen aldaketak eragin du besteak beste hori. Galerarik ez edukitzeak eta krediturik eskatu behar ez izateak ere bultzatu ditu alderdiak gastu txikiagoa egitera.
Euskal alderdien aurrekontuak 2011an jasotako diru-laguntzen oso antzekoak izan dira. EAJ eta EH Bildu dira hautagai gehien aurkeztu dituztenak, eta 1,4 milioi euro inguruko aurrekontua izan dute bi hauteskundeetarako, udal eta foru hauteskundeetarako. PSE-EEk eta PPk 600.000 euro inguruko aurrekontua izan dute. Alderdi berriek eta txikiek, berriz, aurrekontu baxuagoa izan dute. Podemos alderdiak 65.000 euroko aurrekontua izan du foru-hauteskundeetarako eta UPyDk 3.000 eurokoa.
Biztanleko 0,11 euroko gastu mugaren murrizketak eragin du hauteskunde-gastuaren murrizketa.
EAEren kasuan, 690.000 euro zuzenduko dira udal hauteskundeetara eta beste horrenbeste foru hauteskundeetara. Bi hauteskunde ezberdin direnez, alderdiek ezingo dute 1,4 milioi euro baino gehiagoko aurrekontua izan.