Udal eta Foru Hauteskundeak -

Zazpigarren eguna

Iruñeko AHTa feminismoa eta euskararen defentsa, Nafarroako kanpainan

Prestazio Handiko Trenari buruz aritu da UPN. Geroa Baik euskararen defentsa izan du hizpide. EH Bilduk feminismoa jorratu du eta PSNk sektore publikoa aukeratu du gaurko mitinerako.

Iruñean izan da Cayo Lara, 'Izquierda Ezkerra'ren ekitaldi nagusian

01:03

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

UPN

Javier Esparza eta Enrique Maya UPNko hautagaiek ohartarazi dute “akats historikoa” izango litzatekeela Prestazio Handiko Trenari “ezetz esatea”. Esparzak eta Mayak gogoratu dutenez, trena eraikitzeko inbertsio osoa (675 milioi euro) Estatuak egingo du, eta ez Nafarroak.

Esparzaren hitzetan, Nafarroarentzat “atzerapauso bat” litzateke tren horri uko egitea. Etxabakoitzen izan dira UPNko hautagaiak, bertan eraikiko baita Iruñeko geltokia.

“XXI. mendeko trenarekin gure konpromisoa adierazi nahi dugu”, adierazi dute.

GEROA BAI

Nafarroako Parlamentura Geroa Bairen zerrendako hirugarren Koldo Martinezek “diskriminazio positiboa” defendatu du euskararentzako, “bizilekua edozein hizkuntza eremutan edukita ere, nafar guztion ondarea baita”.

Horrela esan du Martinezek koalizioak Iruñeko Konpainia enparantzan, Hizkuntza Eskola parean hain zuzen ere, egin duen ekitaldian.

Martinezek, bere koalizioak defendatzen duen hizkuntza politika “diskriminazio postiboan oinarritzen dela” defendatu du, “ahulena den hizkuntza babesteko berdintasuna eta eskubideen parekidetasuna baititu helburu, bai eta askatasuna oinarri”. “Ez diogu inori ezer inposatuko ez eta ekidingo, administraritzan euskararen ezaguera eta erabilpena bultzatu bai ordea”, zehaztu du.

EH BILDU

Miren Aranoak eta Bakartxo Ruizek, Nafarroako Parlamenturako hautagaiek gaur goizean Iruñeko Gaztelu Plazan eginiko ekitaldian adierazi dute: “Gizon eta emakumeon arteko benetako berdintasun eraikitzeko atzeraezinezko urratsak emateko konpromisoa dugu. Izan ere, politika feminista politika publikoetan ardatz gisa hartu eta erreferentziazko erakunde publikoa Gobernuaren egituraren erdigunean kokatzeak erraztuko du Administrazioko sail guztietan berdintasun politikak abian jartzea.”

“Egungo politika atzerakoiek, UPN zein PPrenak, sistema patriarkala zilegiztatzen jarraitzen dute, eta horrekin batera, pairatzen dugun krisi sistemikoak desberdintasunak areagotzen jarraitzen du”, nabarmendu dute.

PSN

Sektore publikoa defendatu du gaur goizean Maria Chivite PSNko hautagaiak. Alor publikoak murrizketak egin beharrean, alor hori “hobetzea” proposatu du, “batez ere berrikuntzaren ikuspuntutik”.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iruñeko bideoak EH Bildu Bizkaia Feminismoa